Baxi Basajaun taldeko beteranoek itxura ona eman dute Kataluniako Disc Golf Irekian

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 14a, 14:00
Mikel Ibarrol eta IƱaki Gonzalez, asteburuan jokatutako Kataluniako Irekian.

Bikoteka zortzigarren izan dira Mikel Ibarrola eta Iñaki Gonzalez eta azken hau master-50 kategorian lehena izan da.

Baxi Basajaun taldeko beteranoak, Mikel Ibarrola doneztebarra eta Berako Toki Ona institutuan irakasle den Iñaki Gonzalez Olaizola Katalunian izan dira asteburu honetan, Palau i Solità Plegamans herriko Hostal del Fum zelai berrian jokatu den Open Catalunya Disc Golf txapelketan parte hartzen. Espainiako Kopako torneorako baliagarria zen proba.

Ortzirale eguerdian bikotekako txapelketan parte hartu zuten Ibarrolak eta Gonzalezek eta zortzigarren postua lortu zuten, zelaiko paretik zazpi azpitik. Ibarrolak aipatu digunez, «bikoteka arras modalitate polita da, bi jokalariek tiro bana bota eta gero hoberena aukeratzen dute. Botatzen segitzeko, beti biek guttienez jaurtiketa bat botatzen dute, saskiratu arte. Ongi moldatu ginen». Izan ere, Iñaki Gonzalez trebea da irteeratik jaurtiketa luzeak egiten eta Mikel Ibarrola ongi moldatzen da putteatzen, azken metroetan.

Iñaki Gonzalez, ezkerrean, bigarren izan zen Master40 kategorian eta lehenbizikoa Master50 kategorian.

 

Larunbatean, berriz, banakako txapelketan aritu ziren. Baxi Basajaun taldeko bi jokalariak Master50 kategorikoak izan arren, Master40koekin jokatu zuten. Iñaki Gonzalezek bigarren postua lortu zuen eta lehenengoa izan zen M50 kategorian. Mikel Ibarrola, berriz, bigarren txandan bosgarren zegoen arren, hirugarren txanda kaxkarra egin eta zazpigarren postura jautsi zen, baina halere gustura gelditu zen egindako lanarekin. Ibarrolaren erranetan, «plazer bat izan da Kadiz, Oviedo, Santiago, Bilbo eta Kataluniako lagunak ikusi eta betiko giroaz gozatu dugu. Ea Baztan-Bidasoaldean jende gehiago lortzen dugun disc golfean aritzeko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun