Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak hainbat aholku eman ditu, atzoko uholdeengatik ibilgailuak, etxebizitzak, lokalak eta garajeak kaltetuak izan dituztenentzako:
- Auto edo etxebizitzaren aseguru-poliza aztertu, izandako kalteak barne hartzen dituen jakiteko.
- Aseguru konpainiak kalteak aseguruaren polizatik kanpo uzten baditu, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari kalteen berri eman behar zaie zazpi eguneko epean, eta gomendagarria da idatziz egitea. Aseguruaren bitartez egin daiteke, baina kalte-ordainketa baterako eskubidea izateko, ezinbertzekoa izanen da aseguruaren ordainketa egunean edukitzea. Partea emateko, 900 222 665 telefono zenbakira deitu daiteke edo Internetez egin consorseguros.es web orriaren bitartez.
- Posible den heinean, kaltetu diren gauzak eta ondasunak ez bota, edo egiozu argazki bat izan duten kalteen froga gisa edukitzeko. Izan ere, perituak kalteen balorazioa eginen du. Hala ere, konponketa edo garbiketa egitea beharrezkoa baldin bada, argazkiez gain egindako lanen fakturak gorde, eta aseguruari jakinarazi. Bertzenaz, aseguruak kalte-ordainaren kopurua murriztu dezake edo ezbeharrari uko egin.
- Kalte-ordainarekin ados ez egonez gero, aseguratuak bertze peritu bat aukera dezake bertze txosten bat egiteko. Bi perituek adostasunik ez lortzekotan, hirugarren batek eginen du azterketa. Perituen azken erabakia gehiengoarekin lortuko da, horietako batek judizialki inpugnatzean salbu.
- Perituaren erabakiarekin ados ez egonez gero, erreklamazioa tramitatzeko arazoak izatekotan edo edozein zalantzarekin, kontsumitzaileentzako arretarako bulegoetara joatea gomendagarria da, kalte-ordaina lortzeko eman beharreko pauso guztiak adieraziko dizkizutelako.
Partzuergoak ibilgailu guztien kalteak barne hartzen ditu. Hirugarrenentzako poliza bat edukita, partzuergoaren estaldurak ezbeharraren aurretik ibilgailuak zuen balioa ordainduko du. Ibilgailuaren kalteak barne hartzen dituen poliza dutenentzako, ohiz kanpoko arriskuen estaldurak barne hartuko ditu kalte guztiak.
Etxebizitza, lokal eta bertzelako ondasunei dagokionez, aseguruarekin kontratatutako polizaren araberakoa izanen da kalte-ordaina, hau da, kontuan izanen ditu aseguratutako ondasunak, polizaren mugak eta bertzelako baldintzak. Horrela, etxea bakarrik aseguratu bada, kalte-ordainak ez ditu altzariak barne hartu beharrik, edo aseguruaren muga 5.000 eurokoa baldin bada, kalte-ordainak ez du kopuru hori pasatzeko betebeharrik izanen.