Web-orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte eta jasotzen dituzten produktuak bi atal nagusitan erakusten dituzte: atal bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua, eta bertzea 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua.
Egunotan banatuko dira paperezko edizioaren 70.000 aleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Bi azal izanen ditu: batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei, eta bertze aldekoak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Jakina, paperezko edizioak ez ditu biltzen katalogoa.eus web-orrian jasota dauden produktu berri guzti-guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik. Izan ere, webgunean 8.000 produktu inguru daude guztira: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.
Gainera, azken nobedadeen berri izan nahi dutenei buletin elektronikora harpidetzeko bidea emanen die webguneak. Urtearen buruan 10 buletin jasoko dituzte, argitaratu berri diren produktuekin. Horixe baita katalogoaren helburua; merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak erabiltzaileen eskura modu errazean jartzea.