Euriteak 2021.12.10

Uholde arriskuagatik kezka handitzen ari da Baztan-Bidasoaldean

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 9a, 20:05

Azken orduetan botatzen ari den euri kopurua handia dela eta, kezka zabaltzen ari da Baztan-Bidasoaldean. Endarlatsan ura 5,74 metrora ailegatzen da orain, larrialdi aurreko mailatik (5,70 metro) goiti eta larrialdi mailara (6,40 metro) hurbiltzen. Segundoko 474 metro kubiko ur jausten ari da. Legasan ere 4,16 metroko altueran dator ibaia, larrialdi aurreko mailatik (4 metro) goiti eta larrialdi egoerara hurbiltzen (4,60 metro). Segundoko 261,80 metro kubiko ur jausten ari da.

Elizondon, Giltxaurdiko zubian erreka ateria da eta uholde arriskua dela eta, Giltxaurdi kiroldegia itxia dago. Antxitoneko zubian ere goiti doa ura. Iturri-Ederra elkarteak, «azkeneko euriteen ondorioz Elizondoko ura kontsumitzea debekatu du».

Berako Zia errekaren ur-goraldiak eragindako uholdeei aurre egiteko larrialdiko 2. maila aktibatu da. Errekaren arroan hagitz eurite handiak erregistratu dira. Berako hiriguneko eremu zabaletan garrantzitsuak izan daitezkeen uholdeak aurreikusi dituzte. Karrikak eta errepideak kaltetzeko arriskua dagoenez kontuz ibiltzeko aholkua eman du udalak. Dagoeneko Altzate karrikako zenbait dendetan babes-oholak paratu dituzte eta zenbait garajetatik ibilgailuak leku garaiagoetara eramaten ari dira.

Lesakan ere bertze horrenbertze. Onin errekak ia gainezka egin du Albistur eta Beheko plazako inguru horretan, Alondegiaren parean. Koxkonta jatetxeko eta suhiltzaileen parkeko tartean ere urak gainezka egin du. Biurgarai erreka ere ia atera da Kastillobaita eta Irubide inguruetan.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun