Denok Bat federazioa, tokiko merkataritza 'toptopera' eramaten aitzindari

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 10a, 09:00

Duela urtebete toptopa.shop web orria sortu zuten Nafarroako hainbat herritako merkataritza elkarteek haien negozioak Internetera eramateko. Orain, ekimenaren balorazioa egin dute eta «hagitz positiboa» izan dela adierazi dute.

Denok Bat Baztan, Bera, Doneztebe, Lesaka, Leitza, Sakana, Tafalla eta Arrotxapeko merkatari eta zerbitzu elkarteek osatutako federazioa da. Landa-ingurune berean daudenez, kezka berdintsuak partekatzen dituzte, eta elkarrekin egiten dute lan bertako saltokiak bultzatzeko eta lanpostuak sortzeko. Ekintza eta azokak antolatuz herriak dinamizatzea dute helburu, bertako bizimoduari eta kulturari lagunduz.

Hurbileko saltokien eta erosleen arteko ekosistema osatzen laguntzeko, toptopa.shop web orria eta Giltzaria fidelizazio txartela sortu dituzte. Herri eta auzo bizi eta dinamikoak modu iraunkorrean mantentzeko eta merkataritza eredua defendatzeko filosofiaren euskarri modura sortuak, tokiko saltoki eta ekoizleek haien kabuz lortu ezingo luketeen online salmentarako urratsa eta bezeroen fidelizazio tresna izateko aukera eman dute. Orain, bi tresna hauen inguruko balorazioa egin dute.

Duela urte bat sortu zuten Toptopa online salmentarako plataforma. Interneteko erakusleiho honetan, 24 orduz eta asteko zazpi egunetan dendak irekita edukitzeko aukera dute, eta bezeroak dendariekin zuzenean harremanetan jar daitezke zalantzak, galderak eta kezkak argitzeko. Honez gain, Toptoparen arreta zerbitzuak bezero eta saltokiei zuzeneko arreta eta jarraipen zerbitzu profesionala eskaintzen die.

Gaur egun, 52 saltokik eskaintzen dituzte online haien zerbitzu eta produktuak. Horietatik 35 gure eskualdekoak dira, eta arropak, oinetakoak, elikagaiak, edertasun zerbitzuak eta etxerako produktuak eskaintzen dituzte, bertzeak bertze. 

Lehen urteko datuek plataformaren erabiltze maila altua erakusten dute: 154.362 bisita eta 13.591 erabiltzaile izan ditu, hau da, 11,36 bisita erabiltzaile bakoitzeko. Gainera, 236 bezerok eman dute alta toptopa.shop-en erabiltzaile moduan. Plataformako kideek adierazi dutenez, «erabiltzaileen esperientziaren balorazioa hagitz positiboa izan da eta egindako inkesten arabera esperientziaren asebetetze maila hagitz altua izan da».

Eskualdeko 35 saltokik parte hartzen dute plataforman:

Baztan: Argibel optika, Arkupe gozotegia, Fantxike opari-denda, Izeta erloju-denda, Malkorra gozotegia, Piko piko moda, Virgilio oinetakoak eta Zangue oinetakoak

Bera: Aranen opari-denda, Arturo moda, Gaela ongizate zentroa, Igone paper-denda, Martzutzak moda, Oinatz oinetakoak, Prim errehabilitazio zentroa, Sustrai belar-denda, Xulufraia moda eta Zu lore-denda

Doneztebe: Arrate estetika zentroa, Artlepo moda, Kukuka haurren moda, Lacar Etxea ehunak, Maite Moda, Male-Reka moda eta Olatz oinetakoak
Lesaka: Bixkiak moda, Intzuri optika, Kattagorria moda, Oreka belar-denda, Ortzadar Moda, Pittin haurren moda eta Txinelka oinetakoak
Leitza: Ariztela jostundegia, Izaskun estetika zentroa eta Kulunka haurren moda

 

Fideltasuna saritzen

Giltzaria fideltasun txartelak bezeroei aukera ematen die haien erosketengatik deskontuak, fidelizazio puntuak eta abantailak lortzeko. Txartelak 6.525 erabiltzaile ditu 2014. urtean sortu zenetik, eta urte hauetan bezeroek 334.833 deskontu, kitapen eta antzeko operazio egin dituzte.

Doako zerbitzu honekin, tokiko saltokiak bizirauten laguntzen duten herritarrak eta bizilagunak hobeki ezagutu eta saritu nahi dituzte. Gainera, saltokien fidelizazio estrategia eta kanpainak egiteko tresna egokia dute. Taldekako zein denda bakoitzak diseinaturiko kanpainetan, 2021ean 11.000 SMS baino gehiagoko promozio kanpainak egin ahal izan dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun