Hondakinen prebentziorako kanpaina abiatu dute Baztanen eta Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 9a, 14:00

Bertako komertzio eta jatetxeekin elkarlanean, hainbat sentsibilizazio ekintza antolatu dituzte hondakinen prebentzioaz ohartarazi eta egunerokoan praktikan jartzeko baliabideak eskaintzeko

Europako Hondakinen prebentzioaren astea izan zen azaroaren 20 eta 27 bitartean, eta horren harira, Nafarroa mailako hainbat prebentzio ekintza aurkeztu zituzten azaroaren 19an Lekarozko Harremanetarako Zentroan.

Elikagaien xahuketa saihesteko, Nafarroako Gobernuaren eta Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren laguntzarekin Baztango Udalak eta Bortzirietako Mankomunitateak “BirrOn egin! Baita zure etxean ere! kanpaina abiatu dute. Honen bitartez, jatetxeetan akitu gabe uzten den janaria tuper konpostagarrietan etxera eramateko aukera izanen dute bezeroek.

Kanpainan parte hartzen duten jatetxeak identifikatuak egonen dira pegatina baten bidez atean eta menuan. Bortzirietan, sei dira oraingoz ekimenarekin bat egin dutenak; Zalain jatetxea, Botxo ostatua eta Lenkonea (Churrut) jatetxea Beran, Zubiondo Alkaiagan eta Kasino ostatua eta Linddurrenborda sagardotegia Lesakan.

Hainbat ekimen kontzientziatzeko

Baztanen egin dituzten eta egiten ari diren bertze hainbat ekimen ere aurkeztu zituzten. Hainbat arraindegi eta harategitan tuper berrerabilgarriak banatu dituzte eguneroko erosketetan erabiltzeko eta gehiegizko bilduki eta poltsen erabilpena saihesteko. Gainera, komertzioetan, Eguberrietako erosketen harira, poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte. Erratzun, Lekarozen eta Elizondon sukaldaritza tailerrak antolatu zituzten iraila eta urrian, Elebeteko Posadako Belenen eskutik. Baratzeko kontserbak prestatzen, soberakinak kozinatzen eta oilasko oso bat probesten ikasi zuten izena eman zuten herritarrek.

Lekarozko institutuan bigarren urtez antolatu dute plastikorik gabeko astea, ikasleak kontzientziatzeko ariketa berezi bat eginez. Honez gain, etorkizuna haurren eskuetan dagoenez eta gurasoek horretarako duten garrantzia azpimarratu nahian, 'Hondakinen prebentzioa haur sortuberrietan' eskuorria prestatu zuen udalak. Bizitzako hasierako fase honetan sortzen diren hondakinek beren etorkizuna nolabait baldintzatu dezaketela oroitaraziz eta bide horretan laguntzeko asmoz, aurten Baztanen sortu diren haurren gurasoei helarazi zaie eskuorria.

Malerrekako Mankomunitateak, Baztango Udalak eta merkatari elkarteek elkarlanean 2022ko Hondakinen Egutegiak eginen dituzte eta ikastetxeetan, udaletxean bertan eta komertzioen bitartez banatuko dituzte herritarren artean.

Azken ekimena abenduaren 1ean egin zen, Hondakinen Prebentziorako Bulegoaren eta Ecoembes, Ecovidrio eta hondakinen kudeaketarako bertze sistema kolektiboen eskutik. 3D simulagailu baten bitartez, hondakinak ongi bereiztearen garrantziaren inguruan kontzientziatu nahi izan dituzte gazte eta helduak. Errealitate birtualeko teknologia erabiliz, parte-hartzaileek garraiatzaile baten bidez zirkulatzen zuten hondakinak hautatu eta edukiontzi egokietan utzi behar zituzten. Puntuazio bat lortu zuten denek, eta sailkapena eginen dute hauekin. Kanpainaren amaieran, irabazleak patinete elektriko bat lortuko du.

Udalak ekimenekin bat egitera eta egunerokoan ohitura jasangarriak aplikatzera animatu nahi izan ditu baztandarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun