Zirkulazio lege berria onartu du Espainiako Gobernuak: ikusi hemen aldaketa nagusienak

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 3a, 10:30

Espainiako Kongresuak zirkulazio-lege berria onartu berri du. Irudia: Andrey Popov / Getty Images

Trafiko legearen erreforma behin betiko onartu du Espainiako Diputatuen Kongresuak pasa den ortzegunean. Batez ere, gidabaimenean puntu galera ekarriko duten arau-hausteak eta gidatzerakoan ematen diren jokabide arriskutsuak hartzen ditu jomugan, gidatzerakoan mugikorra erabiltzea, konparaziora. Lege berria Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean.

Hauexek dira lege berriak ekarriko dituen aldaketa nagusiak:

  • Gidatzerakoan mugikorra eskuan erabiltzeagatik 6 puntu galduko dira; orain arte 3 kentzen zituzten. 200 euroko isuna eta 3 puntuko zigorra mantentzen dira, urratzaileak mugikorra erabili, baina eskuan ez badu.
  • Gidatzerakoan errepidean edo inguruan sua piztu edo istripuak eragin ditzaketen zigarro hondarrak eta objektuak botatzeagatik 6 puntu galduko dira (lehen 4 ziren).
  • Txirrindulariak 1.5 metroko gutieneko distantzia gorde gabe aurreratzeagatik edota arriskuan jarri edo oztopatzeagatik sei puntu galduko dira (lehen 4 ziren).
  • Segurtasun-uhala, haurrak lotzeko sistemak, kaskoa eta bertze babes osagai batzuk ez erabiltzeagatik edo modu egokian ez egiteagatik lau puntu kenduko dituzte (lehen 3).
  • Ibilgailuan radarrak antzemateko mekanismoak edo zinemometroak izatea hiru punturen galerarekin zigortuko dute, ez soilik erabiltzea orain arte bezala.
  • Gidatzen den bitartean kaskoaren eta buruaren artean telefono dispositiboak izateagatik hiru puntu kenduko dituzte.
  • Gidabaimenaren hasierako 12 puntuak berreskuratzeko 2 urte eman beharko dira arau-urraketarik egin gabe, puntu guztiak galdu ez baldin badira.
  • Errepide arruntetan autoek eta motorrek bertze ibilgailu bat aurreratzeko abiadura muga 20 kilometro ordutan gainditzerik ez dute izanen aurrerantzean.
  • Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (patineteak konparaziora) gidariek kaskoa derrigorrez erabili beharko dute.
  • Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak eta bizikletak ezin izanen dira espaloietatik eta oinezkoentzako zonaldeetatik ibili.
  • 2022ko uztailaren 6tik derrigorrezkoa izanen dira martxan jartzeko alkoholimetroak bidaiarien garraiorako ibilgailuetan (eskola autobusetan adibidez). Ez betetzea arau-hauste hagitz larria litzateke (500 euro).
  • Era berean, «bide publikoan laguntzeko arauak urratzea» arau-hauste hagitz larria izanen da (500 euroko isuna).
  • Gidabaimeneko 2 puntu berreskuratzea posible izanen da gidatze ikastaroak eginez. Hala ere, ikastaro horien baldintzen araudia indarrean sartu arte ez dira puntuak berreskuratuko.
  • Gidabaimena ateratzeko azterketan interkomunikazio dispositiboak erabiltzea debekatuta egonen da eta arau-hauste hagitz larria izanen da (500 euroko isuna eta 6 hilabete berriz azterketara aurkeztu ahal izateko).
  • Pertsonak eta merkantziak garraiatzeko enpresek gidarien erregistrora online sartzeko aukera izanen dute, langileen gidabaimena indarrean dagoen ala ez jakiteko. Gorri (ez dago indarrean) edo berde (indarrean dago). Ez da beste informaziorik zehaztuko.
  • Gidabaimena lortzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio ikastaroak ezartzea posible izanen da. Ikastaroak online jasotzeko aukera egonen da, gela birtual baten bidez.
  • Adingabeen kasuan, edozein ibilgailu gidatzeko alkohol tasa zero izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun