Kirol Merituaren dominak eman dizkiete Aimar Olaizolari eta Oskar Mindegiari

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 1a, 08:00

Aimar Olaizola goizuetarrak urrezko domina hartu du Juan Carlos Unzue futbolari ohiarekin batera eta Oskar Mindegia doneztebarrak zilarrezkoa, kirol esparruan 25 urte baino gehiago eman dituzten bertze 27 pertsonekin batera.

Maria Txibite, Nafarroako Gobernuko presidenteak Urrezko Domina entregatu zien atzo Aimar Olaizola pilotari ohi goizuetarrari eta Juan Carlos Unzue futbolari ohiari, eta Zilarrezko Dominarekin saritu zituen kirol esparruan 25 urte baino gehiago eman dituzten 28 pertsona, tartean Oskar Mindegia doneztebarra.

Bere mintzaldian, Maria Txibitek zoriondu egin zituen saritu guztiak. Bertan izan ziren Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko ordezkaria; Rebeca Esnaola Kultura eta Kiroleko kontseilaria; Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari gerentea den Miguel Angel Pozueta; Kirolaren zuzendariordea den Primitivo Sanchez ere, bertze zenbait agintarirekin batera.

Olaizola eta Unzue, «kirol ibilbide bikainak eta lan askorekin lortutako garaipen-zerrenda»

2021. urteko Kirol Merituaren Urrezko Dominak eman zaizkie Aimar Olaizola pilotari ohiari eta Juan Carlos Unzue futbolari ohiari; kirolari biek «ibilbide bikaina dute, lan asko eginez lortzera heldu diren garaipen-zerrenda bat», adierazi zuen presidenteak. Sarituak «eredugarriak dira, ez bakarrik curriculum horrengatik, baita herritarrengana helarazitako balioengatik ere», esan zuen Txibitek. Biek garatu dituzte «karrera bikainak, Nafarroaren izena ere barreiatuz munduan».

Urrezko Domina jasotzen lehena izan zen Juan Carlos Unzue; horrela Nafarroako Gobernuak saritu nahi izan du «kirolaren baliotan egindako bere ekarpena eta hedapen jarduera, bereziki mugak gainditzeri dagokionez, bere ageriko proiekzio publikoa, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) barreiatu eta bistaratzeko jarduerarekin erakutsi duen jarduera eredugarria dela eta». Presidenteak azpimarratu zituen Unzueren «une apartak» atezain bezala, eta era berean, nabarmendu zuen  «bere indar mental eta fisikoa» zeinekin gainditzen ari den AEA, eta eskertu egin zuen hau “«bistaratzeko eta hedatzeko bere jarduera».

Atezain bezala, Juan Carlos Unzue, Taxoaren prestatutako jokalarien lehen belaunaldiaren emaitza da. Osasuna taldean debutatu eta bi denboraldi jokatu zituen, eta jarraian Bartzeelona, Sevilla, Tenerife eta Real Oviedo taldetan aritu zen, Osasunara itzuli eta 2003an erretiratu aurretik. Orkoienen jaio zen 1967an; lehenengo entrenatzaile lanetan aritu zen Numancia, Celta de Vigo eta Girona taldetan, baita Bartzelonako atezainen entrenatzaile ere. 2020an aulkietatik erretiratu zen AEA diagnostikatu ziotenean; ordutik aurrera, gartsuki aritu da gaixotasun honi buruzko kontzientziatze publikorako lanean.

Unzuek eskertu egin zuen saria bere lurrean jaso izana, bere familiakoekin batera. «Urte asko izan dira familiatik urrun, baina beti elkartuta, eta harro Nafarroakoa izateaz eta hemen hazi izanaz», esan zuen. ELArekin diagnostikatutako pertsonez ere hitz egin du futbolari ohiak, eta «bizitza duina» eskatu zuen eurentzat.

Bere atzetik, urrezko Domina jaso zuen 1979an Goizuetan jaiotako Aimar Olaizola pilotari ohiak. Golardo honekin, Nafarroako Gobernuak goraipatu du «gure komunitateko kirolari egin dion ageriko ekarpena, profesional bezala 23 urte baino gehiagoko epean arrakasta gogoangarrien ibilbide luze bat garatu ostean», aipatzekoa izanik gainera «bere proiekzio publikoa». Txibite lehendakariak bere azken partida azaroaren 13an Goizuetan jokatu zuen pilotari ohiaren lorpenak errepasatu zituen, «lesio larri batetik osatzeko» eta karrera 42 urtera arte luzatzeko bere gaitasuna txalotuz. «Aurrerantzean ere ispilu bat izaten jarraituko duzu hainbat eta hainbat kirolari eta zaleentzat, denboraren joanarekin ere zuregan erreferente bat aurkituko duten haientzat», azpimarratu zuen Txibitek.

Olaizola II. ak 1.321 partidu jokatu ditu; 26 final, eta lehen mailako 14 txapel ofizial lortu ditu; horrek pilotari onenetako batean eta pilotaren etapa onenetako baten erreferente bihurtzen du.

Bere hitzaldian, pilotari ohia pozik eta ilusioz beterik agertu zen. Sari «oso berezia» dela esan zuen, eta ibilbide oso bat aintzatesten duela. Gainera, adierazi zuen «ohorea» dela Unzuerekin batera jaso izana «kirolaren munduko erreferentea» delako.

Oskar Mindegiak zilarrezko domina

Zilarrezko domina jaso zuten bertze 28 lagunen artean zegoen Oskar Mindegia, Doneztebeko Erreka elkarteko judo eskolako arduraduna. 29 urtez Erreka elkartean judoa sustatzeko egin duen lana azpimarratu zuten domina ematerako orduan, irakasle eta antolatzaile lanak eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun