Euskal Herriko launakako txapelketa mistoa ere irabazi du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 29a, 10:00

Beti Gazteko laukote mistoak tiraldi guztiak irabazita Euskal Herriko txapela lortu zuen larunbatean Berriozarren.

Berriozarrek eta Txantreak osatu zuten podiuma eta Amaiur laugarren izan zen larunbatean Berriozarren.

Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa mistoa jokatu zen larunbatean Berriozarren. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan bezala, honetan ere Lesakako Beti Gazte izan zen txapeldun. Ibarrak ez zuen parte hartzerik izan eta Berriozarrek eta Txantreak osatu zuten podiuma. Amaiur laugarren izan zen.

Ondotik sailkatu ziren Antsoain, Bizindar eta Goiherri.

Amaiurko talde mistoa laugarren izan da Euskal Herriko launakako txapelketan.

 

Beti Gazteko laukote txapeldunean Joxe Angel Mitxelena, Irantzu Goienetxe, Ainhoa Ubiria eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Udane Arbelaitz entrenatzaile zutela.

Joxe Angel Mitxelena, Irantzu Goienetxe, Ainhoa Ubiria eta Gerardo Telletxea, tiran larunbatean Berriozarren.

 

Euskal Herriko launakako eta Nafarroako txapel guztiak Beti Gaztek

Gisa honetara, Beti Gaztek Nafarroako txapelketa absolutoan eta Euskal Herriko launakakoan jokatutako txapel guztiak irabazi ditu.

Orain, geldialdi labur baten ondotik, 2022ko urtarrilean eta otsailean jokatuko den Euskal Herriko zortzinakako txapelketan ere parte hartuko du Beti Gaztek kategoria guztietan: gizonezkoak 680, 640, 600 eta 560 kilotan, emakumeak 540 eta 500 kilotan eta mistoa 580 kilotan. Amaiur ere lehiatuko da Euskal Herrikoan kategoria gehienetan, emakumezkoen pisu astunenean eta gizonezkoen pisu astunenean eta arinenean izan ezik.

Gero, martxoaren 2tik 6ra Herbeheretako Doetinchem hirian jokatuko den munduko txapelketan parte hartzeko asmotan da Beti Gazte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun