17:00etan oholtzaratu ziren bertsolariak, zozketak erabakitako ordenean: Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Eneko Fernandez Maritxalar, Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Altzuri, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria. Ander Aranburu Arriolak egin zituen aurkezle lanak, eta Alaitz Rekondo Ferrero aritu zen gaiak ematen.
Ekitaldiaren lehen zatian, bortz ariketetan aritu ziren zortzi bertsolariak: binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean. Ariketa horietan Saioa Alkaizak eta Eneko Lazkozek bildu zuten puntu gehien, eta horrenbertzez, haiek pasa dira buruz burukora. Atal honetan, puntuka eta seiko motzean aritu ziren hasieran, eta kartzelako lanarekin bukatu zuten eguneko saio puntuagarria.
Horren ondotik iragarri zuten txapeldunaren izena. Hain zuzen ere, Alkaizak, Nafarroako Bertsolari Txapelketako bere lehen finalean eta 995 punturekin, irabazi zuen txapela. Zehazki, horrela gelditu da finaleko sailkapena (ariketaz ariketako puntuazioa, hemen):
- Saioa Alkaiza (995 puntu)
- Eneko Lazkoz (992 puntu)
- Julio Soto (627,5 puntu)
- Joanes Illarregi (596 puntu)
- Xabier Silveira (592,5 puntu)
- Xabat Illarregi (582,5 puntu)
- Josu Sanjurjo (580,5 puntu)
- Eneko Fernandez (573 puntu)
Sei epailez osatutako epaimahaia izan zen bertsolarien lana epaitzeaz arduratu zena: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena. Haien puntuazioek zehaztu zuten txapelduna eta sailkapen osoa. Lehen bortz sailkatuek, gainera, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea eskuratu dute, Nafarroako ordezkari gisara. Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da txapelketa horren finala.
Txapela irabazi zuen lehen emakumeak azkena lortu duenari txapela jantzi
Estitxu Arozena Albizuk jantzi zion txapela aurtengo irabazleari, eguneko unerik hunkigarrienetako batean. Modu horretan, bertsolari, bertso irakasle, eragile eta antolatzaile gisara bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga eskertu nahi izan zion Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean, lehendakaritza taldeko Igor Elortza Aranoak eman zion oroigarria txapeldunari. Gainontzeko sariak Nafarroako lau kultur elkarteko ordezkariek eman zituzten –Goizuetako Umore Ona, Iruñeko Zaldiko Maldiko, Lesakako Arrano eta Tuterako Beterri–; hala, elkarte horiek urteetan bertsolaritzaren alde egindako lanari keinu egin nahi izan zion antolakuntzak.
Bide baten amaiera
Urriaren 2an abiatu zen txapelketa, Izaban. Erronkariko bailaratik igaro, eta handik Tafallara, Zangozara, Doneztebera, Altsasura, Berriozarrera eta Leitzara ailegatu ondotik, Iruñean bukatu da ibilbidea, atzoko finalarekin.
Bi hilabetez, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatu ditu 45. Nafarroako Bertsolari Txapelketak, kultur sorkuntza, bertsolaritza, eta euskara herrialdeko bazter ugaritara eramanez. Bidean, ia 4000 lagunek egin dute bat txapelketarekin, eta Nafarroako bertsolaritza sendo, osasuntsu eta anitz agertu da plazara.
Zentzu horretan, Nafarroako bertsolaritzak bere alea jarri du, pandemiak eragindako egoerari aurre egin eta kultur plazak biziberritzeko ahaleginean. Izan ere, uste baino beranduago abiatu zen txapelketa, pandemiak atzeratuta. Bidean, agerian gelditu zen kulturgintzaren hauskortasuna, eta erabat moteldu zen bertso plaza. Horren harira, bultzada eta aldarri izan zedin abiatu zen txapelketa, eta asmo horrekin egin du gaur arteko bidea.
Hitzetik Hortzera berezia, heldu den igandean
Hainbat dira finala zuzenean eman duten hedabideak, eta bertze hainbat horren berri emateko akreditatu direnak. Hurrengo egunetan segida izanen du finalaren jarraipenak, hainbat erreportaje eta elkarrizketekin.
Bertsozale Elkarteak eta Euskal Telebistak elkarlanean ekoitzitako Hitzetik Hortzera telebista programak, erraterako, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak emandako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren solasak bilduko ditu, heldu den igandean, 15:00etan, ETB1 katean.
www.bertsoa.eus atariak, bestalde, bertsoaldien bideo hautaketa eta kronika idatzia jasoko ditu gaur, eta txapeldunari eta bertze finalistei egindako elkarrizketak, bihar.