Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Igandean jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Iruñean

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 27a, 10:00

Finalean kantatuko duen zortzikotea pasa den astean egindako aurkezpenean.

Zortzi bertsolari ariko dira kantuan igandean, eskualdekoak dira horietako bortz:  Eneko Fernandez Maritxalar (Lesaka), Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol (Leitza), Josu Sanjurjo Altzuri (Lesaka), Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol (Leitza) eta Xabier Silveira Etxeberria (Lesaka). Ander Aranburu Arriolak eta Alaitz Rekondo Ferrerok aurkeztuko dute finala. 

Urriaren 2an Izaban hasitako bidea bere helmugara iristear da. Erronkariko bailaratik igaro, eta Tafallatik, Zangozatik, Doneztebetik, Altsasutik, Berriozartik eta Leitzatik pasa ondotik,  igandean jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Iruñeko Anaitasunan 17:00etan. Sarrerak oraindik salgai daude bertsosarrerak.eus atarian. Igandeko 15:00ak bitarte erosten ahalko dira internetez, eta hortik aitzinera sarrerarik geratzen bada Anaitasunako txartelegian. 

Bertsolariek ondorengo lana egin beharko dute finalean: 

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
  • Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Puntuazio altuena duten bi bertsolariak sailkatuko dira Buruz burukora. Ondorengo lana egin beharko dute: 

  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean

       Kartzelako lana

  • Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian

Behin lanak bukatuta, Estitxu Arozena Albizu Lesakako bertsolariak paratuko dio txapela txapeldunari. Modu horretan, urte luzez Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia eskertu nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, bai eta iaz, 1995ean irabazitako txapelaren 25.urteurrenean –emakume batek irabazitako lehena–, egitekoa zen eta pandemiak galarazi zuen omenaldia egin. 

Kontuan hartzeko hainbat ohar

Finalaren aitzinetik hainbat ohar zabaldu ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak: 

  • Komeni da garaiz joatea. Pilaketak ekiditeko, 15:00etan irekiko dira ateak. Gainera, elur abisua emana dago hainbat puntutan, beraz, are garrantzitsuago izango da garaiz abiatu eta iristea. Gipuzkoatik Iruñera hurbiltzeko, hain zuzen ere, A-15 autobidea itxita egoteko aukera dago (kasu horretan, Sakanako autobidea da alternatibarik egokiena).
  • Covid ziurtagiririk ez da eskatuko, ekitaldian ez delako edari edo janari kontsumorik izango. Ondorioz, debekatuta dago areto barruan jan edo edatea, eta baita erretzea ere. 
  • Maskara uneoro izan beharko da jantzita, saio osoan zehar. Bertsolariak eta gai-jartzaileak salbuetsita daude, ekitaldiko artista taldea osatzen dutelako.

Etxetik jarraitzeko aukerak

Etxetik jarraitzeko hainbat bide ere izango dira. Telebistan ETB4 katean zuzenean emango dute finala, eta 21:00etatik aitzinera ETB1en. ETB1-ek, gainera, finalaren buruz-burukoa ere emango du, diferituan, igandean bertan 23:30etatik aurrera. Bestalde, hurrengo igandean, abenduak 5, Hitzetik Hortzera berezia emitituko da, 15:00etan ETB1en, finalaren laburpena eta txapeldunaren elkarrizketarekin. 

Irrati bidez Xorrorin irratian aditzeko aukera izanen da eta baita Naiz irratian ere. Interneten aldiz, eitb.eus atarian, bertsoa.eus atarian eta Berria.eus atarian jarraitzen ahalko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun