1967ko gaua da eta Baztango mendi bideak Poliziaz eta iheslari portugaldarrez bete dira. Ezkutuan doa kontrabando talde bat behiak garraiatzen. Tentsioa agerikoa da eta traizioaren hotzikara aziendaren usainarekin nahasi egiten da. Abiapuntu hori du Skullmendi ekoiztetxearen Hezur berriak lehen film laburrak. Kontrabandoa abiapuntu, kontrabandoaz haragoko gaiak landu nahi ditu film laburrak: inmigrazioa, sekretuak, giza esplotazioa, beharra. Urdazubin eta Lesakan egin dituzte grabaketak, eta orain post-produkzio fasean da filma. Aritz Lazkano eta Garazi Taberna Skullmendi ekoiztetxeko kideek filmaren nondik norakoak aletu dituzte.
Film laburraren grabaketak bukatu dituzue. Nola joan dira?
Aritz Lazkano: Zinema ikastera joan nintzen lehendabiziko egunean esan ziguten saiatzeko ez grabatzen ez umeekin, ez aitona-amonekin, ez animaliekin. Bada guk jada lehenengoan animaliekin egin dugu eta espero baino zailagoa egin zaigu. Baina aurrera atera dugu. Lantaldean ere denak ginen ezagunak, denak egin izan dugu lan elkarrekin, baina inoiz ez batera lan talde berean. Eta hastea ere kostatzen da, bakoitzak bere lekua hartu arte. Baina gerora ongi moldatu gara eta oso kontent nago.
Lehen lana duzue Skullmendi ekoiztetxean. Nondik sortu da?
AL:Iaz koronabirusaren kontuarekin betiko lankideak biltzen hasi ginen, eta pentsatu genuen esperientzia anitz badugula jada, badugula denak elkarrekin lan egiteko gogo pila bat eta behar genuela euskarri txiki bat gure proiektuak egiteko. Kontaktua badugu bi gidoilari ospetsurekin, eta erakutsi genizkien gure gidoiak eta ideiak. Guk baino gehiago baloratu zituzten, eta esan ziguten unibertso oso-oso interesgarria dugula hemen bertan eta oso interesgarria iruditzen zitzaiela aurrera egitea eta lantzea. Animatu ginen film luze bat idaztera, ttikia, bi pertsonaiekin. Proba bat egin dugu, zuzendari eta produktora batzuekin probatu dugu eta itxura ona hartu diote. Hori egin aitzinetik film labur txiki bat egin dugu, bertako unibertsora begira, eta horrekin behintzat gure lan taldea ezagutaraziko dugu. Film laburrarekin nor garen erakutsi nahi dugu, eta helburua da film luzea ere bertan egitea.
«Iruditzen zaigu kontrabandoaren irudi idiliko bat dagoela»
Nondik aukeratu duzue Hezur Berriak fillm laburrerako gaia?
Garazi Taberna: Film luzerako gaia izanen zen zerbait nahi genuen, hemengoa izatea, kontrabandoa, muga azaltzea. Nik osaba bat badut mugalaria izan zena, eta galderak egiten hasi nintzen. Azienda kontrabandoaren historia kontatu zidan, nola egiten zuten, Beran bazirela bi talde egiten zutenak...
AL:Hariari tiraka kontrabandoari buruz galdezka hasi ginen. Iruditzen zitzaigun badela kontrabandoaren irudi idiliko bat, baina urrunetik begiratuta kontrabandoaren gibelean beti izaten dira kontu ilunagoak. Bertako adinekoekin harremana sortu zen, eta portugaldarren kontua kontatu zidaten. Esan zidaten gure etxean bertan portugaldarrek lo egiten zutela. Telebistarako lan batean Rosa Arburuari elkarrizketa bat egin genion eta datu zehatzak ere eman zizkigun. Esan zigun ikerketa batzuk erraten dute- la ia milioi eta erdi pertsona pasa zirela hemendik. Txunditu ninduen horrek, eta galdezka hasi nintzenean bertako gazteek ez zuten aunitz entzuna gaia, baina etxean galdetzen hasi eta familiako istorioekin etortzen ziren. Konturatu ginen bazela zerbait hor sekretupekoa eta gordea, eta benetan inoiz ez genuela jakingo zehazki zer gertatu zen.
Fikizioa aukeratu duzue historia hori kontatzeko. Zergatik fikzioa?
AL:Uste dugu fikzioa erreminta hagitz sanoa dela egia sekretu horren gainean hausnarketa bat egiteko. Horrela ez dugu inor seinalatzen, ez dugu inor epaitu nahi, baina bai uste dugu oso sanoa dela hausnarketa hori egitea. Zer egin dugun, eta nola aprobetxatu garen miserian zegoen jendearekin. Gaur egun ere gauza berdina gertatzen ari da, badira hemen iheslariak Bidasoan hiltzen direnak, mafiak. Gaur egungo kontu hauek aitzinatik itxi gabe ditugunak dira, eta etorkizunera begira hausnarketa hori egin behar dugu.
Aktore profesionalak zein amateurrak nahastu dituzte lanean. Hor dago adibidez Juanen Saralegi lesakarra. Nola egin duzue aukeraketa hori?
GT: Denak aktore profesionalak dira. Saralegik ere esperientzia badu, eta emaitza hagitz profesionala izan da. Uste baino gehiago atera da, uste baino paper gehiago eman dizkiogu azkenean. Castingik ez dugu egin, baina bertze aktoreak deituz lortu ditugu.
AL: Juanen gure apustua izan da. Gure etxeko konponketa egin zuen, eta ez nekien aktorea zenik. Beti begiratzen nion, eta pentsatzen nuen bere ahotsa eta itxuragatik zerbait egin behar genuela. Beste aktoreak profesionalak dira, antzerkian ibiltzen dira. Berez gure lagun bat, Eriz Alberdi zen protagonista. Baina, grabaketa aitzinetik, hiru aste lehenago gaitz larri batek hartu zuen eta utzi behar izan zuen. Itxura zakarreko aktoreak nahi genituen, eta uste dut oso ongi geratu dela.
Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu duzue Itsulapikoa plataforman. Zertara bideratu nahi duzue lortzen duzuen dirua?
GT: Dirua film laburra finantzatzeko da,langileak modu duinean ordaintzeko. Batzuetan film laburrak egiten dira gizarte segurantza ordaindu gabe. Guk dena nahi genuen txukun egin, aktoreek ez zezaten dirurik galdu lan profesionala egiteko. Horregatik abiatu genuen kanpaina eta ea jendea animatzen den.
«Hurrengo filma Bortzirietan grabatu nahiko genuke»
Navarra Tierra de Cine sariketan finalista izan zarete film laburreko gidoiarekin. Finalisten artean egoteak ze aukera eman dizue?
GT: Lehiaketa horretan hamar herrik beren herria aurkezten dute grabaketak egiteko. Guk Urdazubi eskatu genuen ez Lesaka ez Bera ez zeudelako aukeren artean. Horregatik egin dugu grabaketa Urdazubin. Udalak bertan egoteko Kultur Etxea utzi zigun eta sariketak segurua ordaindu digu. Gauza ttikiak dira finean. Orain lehiaketan gure lana aurkezteko aukera dugu eta sariren bat irabaztekoa. Helburua fillm laburra mundu guztiko jaialdietara eramatea da.
Behin film laburra bukatuta, non aurkezteko asmoa duzue?
GT: Udalekin kontatuan gaude, eta gure asmoa da herri batean baino gehiagotan egitea emanaldiak eta baita solasaldiak ere. Helburua bada lan honekin gai bat mahai gainean paratzea, eta horri buruz solastatzea. Jendeak zer iritzi duen ezagutzea. Ez gu bakarrik ere, bertze batzuk ere ari dira gaia lantzen, eta iruditzen zaigu garai ona dela, eta badagoela behar bat. Gaia-i buruz solasten hasten garenean jendeak beti erantzuten digu familiako kontuak kontatuz. Gaiari buruzko elkarrizketak eta badaude, baina horrelako plaza batean errazago kontatzen ahal da.
Estreinurako data zehatzik baduzue?
AL: Oraindik ez dugu zehaztuta, baina San Tomas inguruan izatea gustatuko litzaidake. Garaziren aitonak kontatu zidan San Tomas eguna izaten zela urteko egunik inportanteena. Baserriko kontratua berritzen zen egun horretan, eta egun oso markatua zen. Data gustatzen zait eta data horren inguruan egiten saiatuko gara.
Arestian aipatu duzue lm luze bat egin asmoa duzuela. Horren inguruko inguruko zerbait aurreratzerik bai?
AL: Portuges-afrikar bat hona iristen da eta kontrabandista bat kontaktatzen du. Bi pertsona horiek Bidasora iritsi arteko bidaia kontatzen du filmak. Berez gure eskualdean egin nahiko genuke Bortzirietan. Udazkenerako idatzita dago, eta ea hurrengo udazkenean hasi gaitezkeen.
Nabarmendu nahiko zenuketen bertze zerbait?
AL: Film laburra plazaratu aitzinetik oso kontent nago gaia bueltaka hasi delako. Portugaldarraren rola jokatu duen batek adibidez orain ikusi du bere familia ere bertatik igaro zela. Hasi da jendea honetaz solasten, eta badira beste proiektu batzuk ere hau lantzen. Denen artean ari gara indar metaketa polit bat egiten, eta gure herriko kulturari eta etorkizunari ekarpen polita egiten. Eta eskerrak eman Lesakako eta Urdazubiko udalari eta Eriz Alberdiri besarkada bat, berari eskaini nahi diogulako lana.