Ederbidea proiektua ixteko mintegia dela eta, Maitane Ezkutari Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak, Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroaren artean bizikletarentzako 240 kilometroko ibilbide handi bat garatzeko aukera ematen ari den ekimen honen lorpenak aurkeztu ditu.
Bizikletentzako pista berriekin, segurtasuna hobetzea eta seinaleztapena handitzearekin, baita txirrindulariak sentsibilizatzeko, prestatzeko eta sustatzeko ekintzekin ere, Ederbidea mugarria da mugikortasuna eta turismo jasangarria garatzeko. Horrez gain, EuroVelo1 ibilbidea Nafarroan finkatzeko balio izan du, Iberiar penintsulara bizikletaz joateko ate handia baita.
Nafarroako 67,5 kilometrotan obrak, hobekuntzat eta seinalizazioa
Nafarroari dagokionez, 67,5 kilometrotan egin dira lanak, hobekuntza eta seinalizazioa, Nafarroako Gobernuaren 2,4 milioi euroko inbertsioarekin.
Eskualdean, 2019an eta 2020an egindako ekintzen artean, Donamaria, Oiz, Urroz, Beintza-Labaien eta Saldiasko Ederbidea ibilbideko zenbait zati egokitu dituzte, Gorostieta gainean eta Basaburuan atsedengune bat eginez. Bidasoko eta Plazaolako Bide Berdeak ere elkar lotu dituzte, NA-4040, NA-4114, NA-411 eta NA-4140 errepideak Eurovelo 1eko bizikletentzako bide ere bihurtuz.
Plazaolako bide berdean ere hobekuntzak egin dituzte, tunelak moldatu dituzte eta Leitzan garai bateko tren geltokiko biltegia ere moldatu dute. Honela, 112 metro kuadroko eremua bizikletarekin lotutako zerbitzuak emateko erabiliko da, moldatzeko tailerra, bizikleten-alokairua eta erabilera anitzeko eremua eskainiz.
Nafarroan egin diren bertze jarduera batzuk hauek izan dira: mugikortasun iraunkorreko topaketak eta bizikleta-eskola, bizikleta-ibilaldiak eta bizikleta-ibilaldi gidatuak eta Baztan-Bidasoa bizikleta-mapa. Lan-topaketak ere egin dituzte, eta hainbat azokatan parte hartu dute, bizikletan mugitzeko jardunbide egokiak trukatzeko eta turismo aktibo eta jasangarrirako zerbitzuak eta produktuak garatzeko. Zentzu horretan, Nafarroako Turismoak antolatutako lan jardunaldi profesionala egin zuten Bertizen tokiko aktoreen eta turismo sektorearen ordezkariekin, zikloturistendako eskaintzak eta zerbitzuak proposatzeko.
Nafarroan bertze zenbait ekimen egin dira eta etorkizunera begira, Sarasa eta Iruñea arteko 10 kilometroak egokitzeko asmoa dute.