Azaroak 25

«Hamabi urtez lehengusuak sexu abusuak egin zizkidan»

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 25a, 08:00

Haurra eta nerabea zela sexu abusuen biktima izan zen emakumezko baten lekukotz bildu dugu. Eskualdekoa da eta kontatu digunez, «etxean nuen erasotzailea». Hamabi urtez lehengusuak egin zizkionak kontatu eta salatu ditu.

Sexu abusuak jasan zituenetik 25 urtera, eraso haiek berarengan utzi zuten eta duten arrastoaz solastatu da eskualdeko herritar bat Ttipi-Ttaparekin. Egin ziotenak «inguruan» biktima gehiago badirela ohartzeko bide eman dio, eta laguntza eskatzeko eta salatzeko deia egin du

«Zazpi urte nituen, amatxiren etxeko komunean ni baino zaharragoa zen lehengusua laztantzen hasi zitzaidanean. Ilea, aurpegia eta besoa ukitzen hasi zen lehenbizi, eta gero bularra, gonaren azpitik eskua sartu eta izterra, izterretik goiti... ». Huraxe izan zen hasiera, hamabi urtez jasan zituen erasoen hasiera. Ez du bere egiazko izenik eman nahi izan, ez nongoa den erran nahi izan ere, baina ez da urrutikoa. Ttipi-Ttapak hartzen duen herri batekoa da. Sexu erasoen biktima izan zen hamabi urtez, eta «erasotzailea etxean nuen».

Urte luzez isilpean eduki du haurtzaroko mina. 25 urte behar izan ditu barrenak hustu eta abusu haiek berarengan utzi zuten eta duten arrastoaz solas egiteko: «Gaur, ia 25 urtez isilik egon ondotik, zer pasatu zitzaidan kontatzera ausartu naiz». Hori ez dela bidea onartu du: «Gaizki egin nuen inori deus ez erranda, ikaragatik eta familia ez zatitzeko eta familiakoei minik ez ematearren gelditu nintzen isilik. Baina zer pasatu zen nire minarekin? Niri eragindako guztia zer?».

Haurtzaroan hasi

Amatxiren etxeko komunean hasitakoak amatxiren egongelako sofan izan zuen segida: «Eskolatik ateratakoan, lehengusuak amatxiren etxera joaten ginen bazkaltzera. Egun hartan, lehengusuak komunera laguntzeko eskatu zidan eta bere gauzak egiten ari zen bitartean, ni laztantzen hasi zen. 'Ze arraro' pentsatu nuen, eta hasieran laztanekin gustura sentitu nintzen. Baina aldi berean, ez nuen entenditzen hainbertze miresten nuen lehengusua zer egiten ari zen».

Handik guttira egoera berdintsua sufritu zuen: «Amatxiri sukaldea biltzen lagundu genion eta sofara joan ginen telebista ikustera amatxik kafesnea hartu bitartean. Hotz egiten zuen eta manta gainean paratu genuen». Ez du atzendua lehengusuak egin ziona: «bat-batean, eskuin aldetik, laztantzen hasi zen. Eskua lehenbizi, besoa eta bular aldea gero...». Handik aitzinerakoa maiztasunez errepikatzen zen kontua bihurtu zen: «astero pasatzen zen». Eta orain, heldua denean eta gauzak garbiago ikusten dituenean, ttikia zela lehengusuak hala «erabili» izana gogor salatu nahi izan du: «Aunitz maite ninduela erraten zidan, 'Zeinen polita zaren', 'Nire lehengusina maitagarria zara'... Hitz gaizto horiek erabilita burua jaten dizute. Izugarria da ttikiak garenean, haurtzaroko inozentzia horrekin, nola erabiltzen ahal gaituzten erasotzaileek».

Eta nerabezaroan segitu

Koskortu zen, baina erasoek ez zuten etenik izan eta haurtzaroko inozentzia gibelean utzita, «ikara» sentimendua nagusitu zitzaion. Lehengusuak erasoak «normaltasunez egiten zituen». Eta areago, hasierako ukituak gehiagora joan ziren. «12-13 urterekin etxean bakarrik gelditzen nintzen aldiro etxean agertzen hasi zen». Egun haietako batean, «gurasoak kanpoan zeudela eta etxean bakarrik gozatzen ari nintzela, tinbrea jo zuen. Bera zen, lehengusua, lantxo bat egiteko laguntza eske etorri zitzaidan». Baina gehiago izan zen: «Lan hura egiten ari nintzen bitartean, ukituak, muxuak... hasi ziren. Nik ez nuen nahi –hori azpimarratzea nahi du–, eta alde batera egiten nintzen, baina gero eta gehiago hurbiltzen zen niregana, paretaren kontra gelditu nintzen arte». Gaizki sentitu zen: «'Hau zer da?' galdetzen nion neure buruari. Eta berak 'mugitzen bazara makurragoa izanen da' erran zidan. Eta hantxe gelditu nintzen, mugitu gabe, geldi-geldirik bera nazkatu zen arte. Berak nahi izan zuenean lasai ederrean joan zen».

Erasotzailea «lasai» baina bera ez, «ni negarrez hasi nintzen, maite ninduela pentsatzen nuen, aldiro hori errepikatzen zidalako, baina ez nuen deus ere entenditzen».

Behin eta berriz

Ez zen behin bakarrik pasatu: «Behin, bi aldiz, hiru aldiz... Aunitzetan gertatu zen. Ez dakit nola jakiten zuen etxean bakarrik nintzela, eginahalak egiten nituen enteratu ez zedin, baina hantxe agertzen zen...». Momentu haietan «ikara» eta «itxaropena» nahasten zitzaizkiola ere aitortu du: «Alde bate-
tik, ikara sentitzen nuen eta ez nuen berarekin egon nahi izaten, baina bertzetik, beti banuen bisitan etortzen zenean deus eginen ez zidanaren esperantza. Ez nintzen atea ireki gabe uzteko gai izaten, hainbertze aldiz erraten zidan maite ninduela...». Baina horretan gelditu zen kontua, «ez zen halakorik gertatu, eta segitu zuen».

Hilabeteak joan eta etorri, noiznahi atean zoritxarreko «din-don» hotsa eta zoritxarreko bisita. Erasotzailea berriz etxea, lasai ederrean. «Egun haietako batean, solastatzera zetorrela erran zidan. Baina buruko mina hasi zitzaiola eta ilunpetan ohatzean etzanda jarri behar zuela erran zidan. 'Ederki. Segi lasai' erantzun nion. Baina bere ondoan jartzeko eskatu zidan eta betikoan hasi zen: nire gainean jarri eta eskua han, eskuan hemen, eskua hanka tartean, muxuak...». Halakoetan ezin erreakzionatuz gelditzen zela kontatu du, «geldirik, izoztuta bezala. Uste nuen mugituz gero okerragoa izan zitekeela, kontra egiten banion kolpe bat emanen zidala pentsatzen nuen. Ni baino zaharragoa eta handiagoa zen eta ttiki eta gutti ikusten nuen neure burua bere ondoan».

Azaldu duenez, halako egoeratan «minik ez egiteko utzi egiten duzu, indarrez deus egin ez dezan onartu, baina hagitz gogorra da eta hagitz-hagitz gaizki sentitzen zara». Sentitzen eta desiratzen zuen bakarra «agudo pasatzea» izaten omen zen. «Gustatzen zitzaidan galdetzen zidan, eta ez nintzen deus errateko gai izaten». Gehiago ere kontatu du: «Barrenak nahasten zitzaizkidan. Alde batetik, badakizu hori ez dagoela ongi, baina bertzetik, maite zaituela erranez burua jaten dizutenez...».

Isilpean

Kontatu duenez, «penetraziorik ez zidan egin, baina ukituak eta sexu orala etengabekoak ziren. Batez ere sexu orala eginarazten zidan». Ordurako ez zen haur mukizua, «banuen egiten zidanari izena paratzen hasteko adina, banekien hura zer zen». Baina lehengusuari kontra egitera ez zen ausartu, ezta inori kontatzera ere. «Norbaiti erran beharko niola pentsatzen nuen, baina sinetsiko ote zidaten? Sinetsiko ote zidaten zalantza nuen, eta kontatuta familia zatitu eta izorratuko nuela pentsatu nuen. Ez nuen balorerik izan». Horren ondorioz, «familiarekin gero eta guttiago egon nahi nuen. Babesa lagunen artean bilatu behar nuela pentsatu nuen, baina lagunei deus erran gabe, lotsa sentitzen nuelako». Hala, «atzentzea eta irenstea» bilakatu zen bere helburua.

Horrela segitu zuen 18 urte egin zituen arte, «erasoak hasi eta 12 urtera, berriz nire etxera etorri, atea jo eta ez dakit nondik ateratako indarrarekin nahikoa zela, nire bizitza izorratzen ari zela eta bakean uzteko erratera ausartu nintzen arte». Aitortu du, hura errateko momentuan «urduri» sentitu zela, «dardarka eta ikaratua» eta, are gehiago, «momentu batez hura nire azkena zela ere pentsatu nuen». Baina ezinaren ezinez, aski zela bota zion: «Ezin nuen gehiago hura aguantatu» eta «direnak eta ez direnak erran nizkion, dena kontatuko nuela erranez mehatxatu ondotik, pikutara bidali nuen».

Huraxe izan zen azkena, «zorionez etxeko tinbrea aditu nuen azken aldia». Handik aitzinera «guttitan» ikusi zuen erasotzailea, «familiako bazkarietan ikusten nuen, eta tokatu izan garenetan deus pasatu ez balitz bezala jokatu izan du, baina niri, bera ikusita, barrenak ederki nahasi izan zaizkit».

Urteetako zama bizkarrean

Arantza, ordea, barrenean sentitu du geroztik. «Sexualitatean ez naiz libre sentitu» eta «berari kontra egin eta kontatu ez izana» ere barrenean iltzatuak izan ditu. Hala ere, duela zenbait urte, 35 bat urte zituela, erasotzailearen anaiari kontatzea erabaki zuen, eta neurri batean «bakea» sentitu omen zuen: «Eskuak burura eraman zituen baina ez nuen espero nuen babesik izan, eta horretan gelditu zen dena». Geroztik «gaia ez dugu berriz atera», gaineratu du.

Lehengusuari ez ezik, izebari eta gurasoei kontatzea ere pentsatu izan du «baina horrenbertze denbora pasatu ondotik, lehengusuaren erreakzioa ikusita eta min emateko ikaraz azkenean isilik gelditzea erabaki izan dut».

Laguntza eskatzeko deia

Bere hitzetan, «bertze pauso bat» izan da Ttipi-Ttapari kontatzea, «honi buruz solastatzea aunitz kostatzen» baitzaio. Azaldu duenez, «urteak eman ditut sexu abusuei buruz solastatu gabe, baina Nafarroako Gobernuko Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko Lantaldearen (EAIV) laguntza hartzen hasi naizenetik, barrenean dena mugitu zait eta kanporatzeko beharra sentitu dut».

Berari gertatu zitzaionak «kasu gehiago badirela ohartzeko» bide eman dio, dioenez, «inguruan ere bai». Eta horregatik, berak bizi eta sufritu zuena ez diolako inori desio, horrelako egoeran dagoenari mezu argia luzatu nahi izan dio: «Hagitz garrantzitsua da laguntza eskatzea. Nahiz eta ikara eta lotsa sentitu, eskatu laguntza gurasoei, medikuari, eskolako orientatzaileari, lagun baten amari... Baina eskatu laguntza. Nik dena gorde nuen eta horrekin bizitzea tokatu zait. Ez egin hori, zu izanen zara galtzaile eta erasotzaileak gauza bera egiten segitzen ahal du bertze batekin, eta bertze baten bizitza izorratuko du».

Helduengan ere arreta jarri du: «Adin batean ez da erraza, baina ttikitatik haurrekin solas egin behar dugu, eta gauzak kontatzeko konfiantza ematen saiatu behar dugu. Sexua ez dadila gai tabua izan. Niri horrek huts egin zidan, nire etxean ezin zen naturaltasunez solastatu». Horren harira ohartarazpen hauxe egin du: «Lotsa dela, epaitua izateko ikara dela eta horrelako gauzak aitortzea, are gehiago etxeko norbait denean, hagitz-hagitz zaila dela kontuan izanda, atera kontuak biktimak nolako bizia izaten  ahal duen eta zer sentitzen ahal duen».

 

2019an genero indarkeriari lotutako 20 salaketa aurkeztu zituzten eta 2020an 34. Salaketa kopuruek nabarmen egin zuten goiti.

 

2020ko urtarriletik 46 salaketa

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Atalak Ttipi-Ttapari emandako datuen arabera, 2020ko urtarriletik 2021eko irailera, genero indarkeriari lotutako 46 salaketa aurkeztu dituzte eskualdean.

 

Erasotzaile gehienak 41-50 urtekoak

  • 46 kasuetatik 16tan erasotzaileak 41 eta 50 urte bitartekoak izan dira (% 34,8); 21-30 urtekoak % 19,6 dira; 51-60 urtekoak % 17,4; 31-40 urtekoak % 10,9; 61 urtetik goitikoak % 8,7 eta 20 urtez azpikoak % 4,3. Bi kasutan erasotzailearen adina ez dago zehaztua.

Bereziki eraso fisikoak eta psikikoak

  • Aurkeztutako salaketa gehienetan biktimek eraso fisikoak eta psikikoak, biak, edo psikikoak jasan dituzte. Psikikoak eta fisikoak izan dituztenak % 39,1 dira; eta psikikoak jasan dituztenak bertze horrenbertze (% 39,1); urruntze agindua urratzeagatik aurkeztutako salaketak % 17,4 dira eta sexu erasoak egin dizkiotenak % 4,4.

Biktima gazteak

  • 30 urtez beheitikoak dira salaketa aurkeztu dutenen % 36,9. Zehazki, biktima gehienek 21 eta 30 urte bitartean dituzte (% 30,4). Horren ondotik 31-40 urtekoak daude (% 19,6); 51-60 urtekoak (% 17,4) eta 41-50 urtekoak gero (% 15,2); 61 urtetik goitikoak % 10,9 dira eta 20 urtez beheitikoak salaketa aurkeztu dutenen % 6,5.

Erasotzaileen ia erdia bikotekidea

  • Aurkeztutako salaketetan biktimen % 45,7k adierazi du erasoak bikotekideak egin dizkiola. Kasuen % 37 bikotekide-ohiek egindako erasoei dagokie. Biktimak eta erasotzaileen artean harremanik ez den kasuetan salaketa aurkeztu dutenak %6,5 dira; familiakoengandik erasoa izan dutenak % 4,3 dira eta berdin bertzelako harremanen bat zutenen aldetik erasoa izan dutenak (% 4,3). Eraso bat etxe bereko bertze norbaitek egindakoa da (% 2,2).

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun