Nafarroako 2022ko aurrekontuetan lehen sektorera bideratutako % 10eko igoera positibotzat jo du EHNEk

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 19a, 14:00
Nafarroako EHNE sindikatuko ordezkariak, Nafarroako 2022ko aurrekontu orokorrei buruz aritzeko gaur goizean emandako prentsaurrekoan.

Halere, bi diru-sail berri eta bertze diru-sail batean igoera planteatzen duten zuzenketak aurkeztu ditu sindikatuak.

EHNE-Nafarroak positiboki baloratu du 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan lehen sektorera bideratutako diru-sailen igoera, banaz bertze % 10 ingurukoa, gaur prentsaurrekoan. Hala, Fermin Gorraiz sindikatuko presidenteak azpimarratu duenez, «gazteak sektorean hasi ahal izateko laguntzak, –3,1 milioikoa– eta ustiategietarako hobekuntza-planei buruzko –10 milioikoa–, biak ere oinarrizko diru-sailak, mantendu egin dira eta eremu kaltetutako profesionalei zuzendutako laguntza, berriz, 5 milioitik 8ra igo da».

Aurrekontuetan egindako ahalegina hortxe badago ere, Gorraizek adierazi du EHNE-Nafarroak hiru zuzenketa aurkeztu dituela, «premiazkotzat jotzen ditugun gaiak konpontzeko, Nafarroako Aurrekontu Orokorren Aurreproiektuan bi diru-sail berri eta bertze baten igoera planteatu ditugu, premia larriei erantzuteko».

Pentsuaren prezioaren igoera arintzeko 3,5 milioiko laguntza

Zuzenketa batek abeltzaintzarako 3,5 milioiko laguntza sortzea eskatzen du, «pentsuaren prezioaren igoerak ustiategi guztiei eragin baitie», Patxiku Irisarri EHNE-Nafarroako idazkari nagusiak azpimarratu duenez.

Laguntza hau buru edo plaza bakoitzeko banatuko litzateke, «baina betiere ustiategiko titular bakoitzeko laguntza kopurua mugatuz –zehaztu du Irisarrik–, guztizko zenbatekoak ere mugatuak izan daitezen». Ildo horretan, arrazoitu duenez, «ustiategi handienak hobeki babesten ahal dute bere burua eta, beraz, laguntzak ez du zertan azienda kopuruaren ariorako izan».

Fauna basatiaren kontrola

Eskatu duten bigarren partida berria «fauna basatia kontrolatzeko» erabiliko litzateke. «Aitzineko urteetan ere egin izan dugu eskari hori, eta beharrezkotzat jotzen dugu, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan gero eta eragin handiagoa sortzen duelako», aipatu dute.

Zehazki, 150.000 euroko diru-saila izanen litzateke, «basurdeen, orkatzen, oreinen eta untxien populazioak nabarmen goiti egin eta nekazaritzan kalte handiak eragiten dituztelako eta abeltzaintzan gaixotasunak ekar ditzaketelako».

Diru hori ehiztari profesionalak kontratatzeko erabiliko litzateke, eta hauen profila definitu egin beharko litzateke, «hauen jarduerak fauna basatiaren populazioa nekazarientzat eta abeltzainentzat onargarriagoak diren mailetaraino murriztea ahalbidetuko bailuke», defendatu du Irisarrik.

Abeltzaintzako Toki Azpiegituretako inbertsioen partida handitzea

Azkenik, EHNE-Nafarroak Abeltzaintzako Toki Azpiegituretako Inbertsioei dagokien diru-saila handitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, oraingo 1,14 milioitik 1,5 milioira handituko litzatekeena, hau da, 350.000 euro baino gehixeago.

Gorraizek handitze hori justifikatu du, izan ere, «azken urteetan diru-sail hau ehuneko ehunean erabili izan da, pistak, uraskak eta itxiturak behar direlako, bertzeak bertze, larreetara iritsi eta larreen erabilera errazteko».

EHNE-Nafarroako presidenteak gogorarazi du Europako Itun Berdeak eta Baserritik Mahaira estrategiak, nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorragoa bultzatu nahi duela, eta horrek berekin dakarrela «azienda estentsiboari herrietako larre horien erabilera sustatu eta erraztea, eta horretarako azpiegitura onak behar dira».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun