Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa ere irabazi dute Beti Gazteko gizonezkoek

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 15a, 09:00

Euskal Herriko launakako sokatira txapelketa mistoko podiuma: Beti Gazte txapeldun, Ibarra bigarren eta Ñapurrak hirugarren. Argazkia: Potronko

Larunbatean Larrabetzun (Bizkaia) jokatutako txapelketan nagusi izan ziren lesakarrak eta seigarren sallkatu zen Amaiur.

Nafarroako sokatira txapelketako txapel guztiak irabazi ondotik, bide berari ekin dio Lesakako Beti Gazte taldeak Euskal Herriko launakako txapelketan ere. Larunbatean Larrabetzun (Bizkaia) jokatu zen gizonezkoen txapelketa, 310 kiloz beheitiko kategorian eta Beti Gazte gailendu zen. Ibarra taldeko gipuzkoarrek eta Ñapurrak taldeko lapurtarrek osatu zuten podiuma.

Beti Gazteko laukote txapeldunean Joxe Angel Mitxelena, Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Unai Gurrutxaga erakusle zutela.

Beti Gazteko Mitxelena, Ordoki, Saldias eta Telletxea, tiratzeko prest. Argazkia: Potronko.

Beti Gazte, Ibarra eta Ñapurraken ondotik, Nafarroako bertze taldeak sailatu ziren: laugarren postuan Txantrea, bosgarren Berriozar, seigarren Amaiur eta zazpigarren Antsoain. Abadiño zortzigarren izan zen eta Bizindar bederatzigarren.

Amaiurko laukotea seigarren izan zen Larrabetzu. Aspaldiko partez Euskal Herriko txapelketan lehiatu zen berriz ere. Argazkia: Potronko

21 urtez beheitiko txapelketa mistoko lehen jardunaldia ere jokatu zen eta Goiherri A nagusitu zen (10 puntu). Ondotik sailkatu ziren Antsoain B (9 puntu), Berriozar A (7,5 puntu), Abadiño A (7,5 puntu), Goiherri B (6 puntu), Antsoain A (65 puntu), Abadiño B (4 puntu), Getxo (3 puntu), Berriozar B (2 puntu) eta Araxes (puntu 1).

Orain emakumeak eta mistoa

Datorren larunbatean, azaroak 20, emakumezkoen 250 kiloz beheitiko txapelketa jokatuko dute Antsoainen. Eskualdeko ordezkari diren Beti Gazte eta Amaiurrekin batera, Abadiño, Antsoain, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea lehiatuko dira. 21 urtez beheitiko txapelketako bigarren jardunaldia ere jokatuko dute.

Euskal Herriko launakako txapelketa bukatzeko, azaroaren 27an Berriozarren jokatuko dute txapelketa mistoa (280 kiloz beheiti).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun