Komunitatea josteko hainbat kasu praktiko TOKIKOM jardunaldietan

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 12a, 17:00

Komunitatea Josten jardunaldietan hiru hitzaldi eskaini dituzte eldiario.es-eko, Het Velang Van Limburg-eko eta BBC-ko aditu banak.

TOKIKOM Sarien seigarren edizioko sari banaketa egin dute gaur Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, eta behin saridunak ezagututa, Komunitatea Josten jardunaldiak eman dio segida goizari. Komunikabideen arteko zein helburu publiko ezberdinekiko komunitateak eratzeko moduak ezagutzea helburu hartuta, hiru hitzartze entzuteko aukera izan dute bertaratutakoek. Espainiako eldiario.es egunkariko Esther Alonsok eman dio irekiera adituen saioari; Het Velang Van Limburg egunkari belgikarreko Arno Schepersek eman dio segida; eta, azkenik, BBC eta toki komunikabideen artean osatu duten Local News Partnership egitasmoko zuzendari den Matthew Barraclough-en hitzartzearekin osatu da jarduna.

Irakurleei entzutea

Esther Alonso eldiario.es hedabide madrildarreko kazetariak ireki du gogoetarako bidea. Alonsoren hitzetan, «komunitateari garrantzi handia» ematen diote: «Irakurleei entzutea ezinbestekoa da». Datuen analisian jarri du enfasia, hutsetatik ikastean, analitikari garrantzia eman behar zaiola argudiatuz. Hala ere, hortik aurrera jauzi bat eman beharra azpimarratu du 2022an 10 urte beteko dituen hedabide madrildarreko kazetariak. Adierazi duenez, «egun ezin ditugu irakurleak soilik bilatu, gure proiektuarekin konplizeak diren herritarrak baizik». Bide horretan, eldiario.es-ek gardentasunean eta fidelizazioan ahalegin berezia egiten duela azpimarratu du.


Pertsonalizazioaren garrantzia

Het Velang Van Limburg egunkari belgikarreko Arno Schepers-en hitzartzeak eman dio jarraipena, atsedenaren ostean, gaurko jardunaldiari. 800.000 biztanleko lurralde batean, astelehenetik larunbatera paperezko egunkari bat eta asteko egun eta ordu guztietan sarean jarduten duen hedabidea da. Hain zuzen, azken honi eman nahi izan dio garrantzia: «Lehentasuna ematen diogu sareko edukiari, eta ostean egiten dugu papereko edukien
hautaketa».

Bide horretan, eta etorkizuneko kazetaritza sarean oinarrituko dela sinetsita, edukien pertsonalizazioan eta herritar gazteengan jarri nahi izan du enfasia. «Etiketen bidez, erabiltzaile bakoitzari interesatzen zaion edukia eskaintzen diogu; albisteetatik, ikus-entzunezko, buletin edota iragarkietara. Eta bide berean egokitzen ari gara harpidetzak, gazteei begira, sareko kontsumo azkarrari begira», adierazi du. Schepers-en hitzetan, egunkariaren balorea «irakurle anonimoak zein harpidedunak balorean jartzea da», eta edukien bidez lortzen omen dute hori.


Konfiantzan oinarritutako elkarlana

EITBko zuzendari Unai Iparragirrek aurkeztu du eguneko hirugarren eta azken hitzaldia, «mundu mailan erreferenteetako bat den komunikabide publikoak» eskainia. BBC eta toki komunikabideen artean osatu duten Local News Partnership egitasmoko zuzendari den Matthew Barraclough-ek «nazio hedabideen eta tokiko hedabideen arteko konfiantzan oinarritutako elkarlana» oinarri dutela adierazi du. «BBCk formakuntzak, laguntzak eta ekitaldiak eskainiz eta tokiko hedabideek, aldiz, albisteak», azken bost urteetan ehunka kolaborazio egin dituztela adierazi du, bai paperean, eta baita ikus-entzunezkoetan zein sarean. «Tokiko albisteek astean 8-10 milioi ikustaldi dituzte gure hedabidean».


Herrietako demokrazia eta gardentasuna aipatu ditu, «tokiko komunikabideek politikan eta herrietako demokrazian eragin zuzena dutela» jakitun direlako«hori da beraien balore nagusia». Bide horretan, eta elkarren arteko gardentasuna eta zintzotasuna oinarri, tokiko politikari lotuta ulertzen dute kolaborazioa: «Helburua ez da albisteen lehentasuna zalantzan jartzea, ez dugu hedabideen arteko konpetentzia sustatu nahi», mintzatu da. Bere hitzetan, «gisa honetako kolaborazioetan oso garbi izan behar dute bi aldeek zertan kolaboratzen duten, zeintzuk diren elkarbanatzen dituzten esparruak». Eta Barraclough-ek hitzartzean adierazi bezala, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren arteko egitasmoak aurrera jarraituko du, «bi aldeok irabazten dugulako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun