Nafarroako txapelketa nagusia jokatu ondotik, Euskal Herriko launakako sokatira txapelketan hasiko dira Amaiur eta Beti Gazteko tiralariak. Lehen txapela, gizonezkoen 310 kiloz beheitiko kategoriakoa, azaroaren 13an, larunbatean 17:00etan hasita jokoan izanen dute Larrabetzun (Bizkaia).
Lesakarrekin eta baztandarrekin batera, Txantrea, Berriozar, Antsoain, Ibarra, Bizindar, Abadiño, Ñapurrak eta Zuraideko mutilak lehiatuko dira kategoria honetan.
Gainera, 21 urtez beheitiko txapelketa mistoko lehen jardunaldia ere jokatuko dute, eskualdeko talderik gabe.
Emakumeena azaroaren 20an eta mistoa 27an
Azaroaren 20an, Antsoainen, emakumeen txapelketa jokatuko dute, 250 kiloz beheitiko kategorian eta 21 urtez beheitiko txapelketaren bigarren jardunaldia. Euskal Herriko launakako txapelketa bukatzeko, azaroaren 27an Berriozarren txapelketa mistoa (280 kiloz beheiti) eta 21 urtez beheitiko hirugarren eta hondarreko jardunaldia jokatuko dituzte.