Juan Miguel Gil zirujau elizondoarra Nafarroako Urrezko Dominarako hautagai

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 12a, 19:00

Hainbat udalerrik Aspace Elkartearen hautagaitza ere proposatu dute, haien artean Berak, Lesakak eta Baztanek.

Aspace Elkartea, Osasuna futbol taldea eta Juan Miguel Gil Jaurena zirujaua dira 2021eko Nafarroako Urrezko Domina hartzeko hautagaiak. Nafarroako Gobernuak azaroaren 17an jakinaraziko du Foru Komunitateko saririk handiena nork irabaziko duen, eta Maria Txibite lehendakariaren eskutik hartuko dute ekitaldi instituzional nagusian.

Urrezko Dominaren laugarren edizioa izanen da aurtengoa. Hautagaiak aurkezteko proposamena herritar guztiei irekita dago, eta norberaren izenean edo erakunde baten ordezkari gisa egin dezakete proposamena. Gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta Foru Komunitatea kanpoan proiektatzen laguntzeagatik nabarmentzen diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboak saritzea bilatzen du.

Aspace (Garun Paralisia eta Antzeko Desgaitasunak dituzten Pertsonei laguntzeko Nafarroako Elkartea) elkartearen hautagaitza Agoitz, Baztan, Bera, Zizur Zendea, Lesaka, Noain (Elortzibar), Orreaga eta Iruñeko udalek proposatu dute, aurten 50 urte beteko baititu. Eskaera-idatzian, «pertsona horiek gizartean ahalik eta gizarteratze eta laneratze handiena lortzeko konpromisoa» nabarmendu dute.

Osasuna futbol taldeari dagokionez, aurten ehun urte beteko ditu, eta Xota Kirol Klubak aurkeztu du hautagaitza. Proposamenean azpimarratu du «kirol-eremuaz haratago, erakundeak gizartearen balio demokratikoak bultzatzen dituela, Nafarroako gizartea osatzen duten sentsibilitateen arteko topagune izanik».

Juan Miguel Gil Jaurena Elizondoko doktorearen hautagaitza Miren Jaione Ustarrozek proposatu du, bertze 800 pertsonak nahiz 'Pequeña Guerrera y sus familias' kardiopatiak dituzten haurren Nafarroako Elkarteak eta Espainiako Kardiologia Elkarteak babestuta. Proposamenak nabarmendu duenez, Gil doktoreak bihotzeko lehen transplantea egin zien Europan odol-bateraezintasuna duten haurrei edota mundu-mailan lehen transplantea asistolian (geldituta) zegoen bihotz bati.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun