Tokikom Sariak banatzeaz gain, Komunitatea josten jardunaldiak ere eginen dituzte bihar, hedabideen epe labur eta ertaineko erronken inguruan jarduteko.
76 toki komunikabide batzen dituen Tokikom taldeak (tartean Ttipi-Ttapa / ERRAN.EUS eta Xorroxin), Tokikom Sariak sortu zituen duela sei urte, euskarazko toki komunikabideen lan bikaina gizarteratu eta aldarrikatzeko xedez. Urtero bezala, urtean barrena euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako azalik onena, edukirik onena eta ikus entzunezkorik onenaren saria banatuko dira ostiraleko ekitaldian, eta gainera publikoak bozketa bidez erabakitako Komunitatearen Saria ere bai. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Edorta Aranak eta Maria Gorosarrik eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatu dute eta, nabarmendu dutenez, «igarri da pandemiak aukera eman duela lanketak era pausatuago batean egiteko». Finalista geratu diren lanak hemen ikus daitezke.
Komunitatea josten jardunaldia
Sariek batzeko ematen duten aitzakia probestuz, Tokikomek jardunaldi bat ere antolatu du, euskarazko komunikabideetako profesionalei zuzendutakoa. Komunitatea josten izenburuarekin, tamaina ezberdinetako komunikabideen zein komunikabide horien eta haien publikoaren artean komunitatea osatu eta harremanak estutzeko aukerak aztertuko dituzte, nazioarteko adituen eskutik.
Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek munduan gertatzen denari adi egotearen garrantzia azpimarratu du: «Garrantzitsua da geure bide berean pausu bat edo bi aurrerago doazenen esperientziak ezagutzea, beraiek hartutako erabaki on eta txarretatik ere ikasteko».
- BBCren Local News Partnerships egitasmoa: Alde batetik, BBC irrati-telebista publikoa Britainia Handiko toki komunikabideekin garatzen ari den Local News Partnerships egitasmoaren berri izango da, egitasmoa zuzentzen duen Matthew Barraclough-en eskutik. Tokikomek eta EiTBk denbora daramate egitasmo hori aztertzen, Euskal Herrian antzeko ekimenen bat abiatzeko aukerak baloratzeko.
- Eldiario.es-en kidetza programa: Madrilgo Eldiario.es egunkari digitala ezaguna da mundu mailan bere kidetza programa arrakastatsuagatik. Nagusiki digitala den komunikabideak lan bikaina egin du bere kideen figura garatzeko, harpidedun soilaren figura gainditu eta benetako komunitate baten parte izan daitezen. Kidetza programa zuzentzen duen Esther Alonsok emango du haren berri xehetua.
- Het Belang van Limburg: Euskarri anitzeko planteamendua Flandriatik, Het Belang van Limburg egunkari hiperlokalak ere lanketa sakona egin du kideen figura uztartzeko lantzen dituen euskarri ezberdinekin: papera, webgunea eta aplikazioa. Bertako kide den Arno Schepersek azalduko ditu xehetasunak jardunaldian.