Ingalaterratik etorri berri, BBC hedabide britainiarreko Local News Partnership egitasmoaren arduradun nagusia Goienako bulegoetan egon zen asteazken goizean. Euskarazko tokiko hedabideen funtzionamendua ezagutzera etorri dira, eta besteak beste, Debagoieneko hedabidearen instalazioak, funtzionamendua, historia, produktuak eta lan egiteko modua lehen pertsonan ezagutu ahal izan du.
2014ko udan BBCk antolatutako jardunaldi batzuen harira loratu zen proiektua; tokiko albisteen sektoreko eragile guztiak lehen aldiz bildu zituen hedabide nazionalak, eta Barraclough izan zen ekimenaren antolatzailea. Ordutik, Local News Partnership egitasmoak irlako irrati eta telebista publikoaren eta tokiko hedabide txikien arteko lotura egiten du, eta goizean Goienako bulegoetan izan den kazetaria da, hain zuzen, proiektuaren zuzendaria.
Tokikom Sariak 2021
Tokiko kazetaritza saritu eta atzerriko esperientziak ezagutzeko ostiralean egingo den jardunaldian izanen da Matthew Barraclough-ek zuzentzen duen egitasmoa hurbilagotik ezagutzeko aukera. Tokikom Sariak 2021 ekimenaren baitan antolatu diren hiru hitzaldietako bat izanen da britainiarrarena; zehazki, Local News Partnership. BBC eta toki komunikabideen artean josi duten komunitatea izenpean azken urteetako esperientzia elkarbanatuko du.