Emakumeen Euskal Herriko hainbat herri kirol txapelketa jokatuko dituzte larunbatean Mungian

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 10a, 20:00
Maika Ariztegi Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketan lehiatuko da.

Ainhoa Etxegarai beratarra lokotx-biltzen eta Maika Ariztegi iturendara ingude-jasotzen izanen dira eskualdeko ordezkariak, baina txinga-eramate eta lasto-jasotze txapelketak ere eginen dituzte.

Herri kirol zaleek hitzordu garrantzitsuak izanen dituzte azaroaren 13an Bizkaian. Larunbatean 11:00etan Mungiako Matxin plazan hamazazpi emakume ariko dira lehian, Euskal Herriko txapelketako lau modalitatetan: txinga-eramatea, lokotx-biltzea, lasto-jasotzea eta ingude-jasotzea.

Eskualdeko ordezkaritzari dagokionez, lokotx-biltzeko finalean Nafarroako txapeldunorde izan zen Ainhoa Etxegarai beratarra ariko da, Ainhoa Iraizoz txapeldunarekin batera. Nafarrekin batera, Arabako Maider Etxezabal eta Zuriñe Frutos eta Bizkaiko Irantzu Onaindia eta Valentina Rangel ariko dira.

Euskal Herriko ingude-jasotze txapelketan Maika Ariztegi iturendarra izanen da eskualdeko eta Nafarroako ordezkari bakarra. Berekin batera zazpi kirolari bizkaitar ariko dira: Karmele Gisasola, Amaia Mendinueta, Iraide Gezuraga, Lucia Orbe, Valentina Rangel, Nerea Sanz eta Silvia Meseguer.

 

Txinga-eramate eta lasto-jasotze txapelketa ere

Euskal Herriko bi txapelketa horietaz gain, eskualdeko kirolaririk izanen ez duten bertze bi txapelketa ere jokatuko dituzte. Txinga-eramate txapelketan hiru bizkaitar ariko dira: Valentina Rangel, Nerea Egurrola eta Garazi Arruti eta lasto-jasotze txapelketan bi arabar, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linaza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun