Azaroaren 13an Cortesen (1) euskararen aldeko adierazpen bat eginen da. Adierazpen horretan, euskara aldarrikatuko da Nafarroako berezko hizkuntza gisa, eta eskatuko da Erriberak eta Erdialdeak jasaten duten bereizkeria behingoz bukatzeko. Adierazpenaren helburua da pertsonak eta eskubideak erdigunean paratzea eta euskara Nafarroa osoko parte gisa aldarrikatzea. Garrantzitsua da zonifikazioarengatik kaltetuenak diren pertsonak mintzatzea, eta beraiek izatea nafar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen irtenbide baten beharra agenda politikoan jarriko dutenak.
Adierazpena ez dago gaur egungo dinamika baten barnean. Izan ere, dinamika berri bati ekin nahi zaio, Erriberan zein Nafarroa osoan euskararen aldeko indar posible guztia bilduko duena. Ildo horretan, euritako moduko bat sortuko da, eslogana eta izen propioarekin (Cortesen ezagutaraziko da), aurrerantzean Nafarroan zehar egin daitezkeen ekimenak bateratzeko balio izanen duena. Hasiera batean, Cortesko adierazpenak izaera komunikatiboa izanen du, baina espero izatekoa da aurrerago gizartean eta komunikabideetan oihartzun handiagoa duten ekitaldiak antolatu ahal izatea.
Eguneko egitaraua:
- 10:00 Pilota-partida Retegi pilotalekuan (Udaletxe plazan)
- 11:30 Jendearen elkartzea frontoian
- 12:00 Adierazpena frontoian
- Musika
- Jotak
- Dantza
- Adierazpenaren irakurtzea (12:20)
- 12:30 Txistor jatea
Hordago Nafarroa