BABESTUTAKO EDUKIA

Txakolina ardatz, Aiaraldea eskualdea bisitatzeko aukera paregabea

Ttipi-Ttapa 2021eko azaroaren 9a

Aiaraldeko gastronomiaren produktu izarra da Txakolia. / Aiaraldea.eus

Aiarako Kuadrillak enoturismoaren hilabetea antolatu du Aiaraldean, bisitariek eskualdeko gastronomiaz eta ingurune naturalaz gozatu dezaten. Txakolina ardatz, hainbat jarduera eginen dituzte.

Azaroaren 1etik azaroaren 21era luzatuko da Aiarako Kuadrillak berariaz prestatutako Txakoli-Bizi enoturismoaren hilabetea. Bisitariei eskualdeko ateak parez pare irekitzea du helburu egitasmoak.

Bilbo zein Gasteiztik gertu dagoen eskualdea da Aiaraldea, ingurune natural ikusgarri batean kokatuta. Bertako herrietan orotariko jarduera kulturalak egin daitezke, eta ugariak dira bisitariek aurkituko dituzten museoak. Gastronomia aberatsa duen zonaldea ere bada Aiaraldea. Hain zuzen ere, Aiaraldeko gastronomiako produktu izarrari jarriko diote arreta enoturismoaren hilabetean: Txakolina.

 

Txakolina ardatz

Aiaraldeko upategietako sekretuak argitara aterako dituzte enoturismoaren hilabetean, eta jarduera sorta prestatu dute horretarako. Azaroaren 7an Showcooking-a eskaini du Luis Angel Plágarok Amurrioko San Anton Plazan, Gasteizko Sukalki Plágaro tabernako kideak. Arratsaldean, Amurrioko Likorearen Museoa bisitatzeko aukera egon zen.

Azaroaren 13rako Gure Ahaleginak eta Artomañako txakolindegietara irteera prestatu dute, eta Mikel Garaizabalek gidatutako dastaketaz gozatzeko aukera egonen da. Gainera, doako garraioa antolatu dute txakolindegietara joateko; autobusa 10:15ean abiatuko da Laudiototik eta Luiaondon zein Amurrion eginen ditu geldiuneak. Buelta 13:30ean egingo dute.

Azaroaren 14an, berriz, Enoturismoaren Munduko Eguna dela probestuz, brindisa eginen dute Arcos de Quejana jatetxeko baso margotuan

Azkenik, eta egitarauari amaiera emateko, bigarren Showcooking bat eskainiko dute azaroaren 20an Laudioko Aldai Plazan. Oraingo honetan Zigor Iturrieta ETB1-eko Txoriene saioko aurkezleak gidatuko du saioa.

Ekintza guztiak doakoak izango dira, baina derrigorrezkoa izanen da aurretik izena ematea. Horretarako Aiaraldea.org atarian sartzea bertzerik ez dago. Bestalde, txakolinarekin senidetutako menuak zozketatuko dira ekimenean parte hartzen duten tabernetan eskualdeko txakolina edo bermuta eskatzen duten guztien artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun