Azaroaren 12an hasiko da aurtengo Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloa

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 8a, 11:00

Mikel Urdangarin izanen da lehenbiziko artista parte-hartzailea eta hilaren 12tik 14ra  'Andikona 1936' abestiaren emanaldia aurkeztuko du

Udagoieneko Ostera Hegan 3 emanaldiz osatutako kontzertu zikloa da, Euskaltzaleen Topaguneak antolatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Iaz bezala, aurten ere kontzertuak ez dira presentzialak izanen, baina musikaz gozatzeko aukera izanen dute entzuleek etxeko sofatik bertatik.

Aurtengo kontzertuek oroimen historikoa izanen dute ardatz, «iraganean gertatutakoa sekula ahaztu ez dezagun». Bizkaiko hiru gune esanguratsu aukeratu dituzte horretarako; Otxandio, Barakaldo eta Ondarroa.

Azaroaren 12tik 14ra Mikel Urdangarinen emanaldia izanen da ikusgai webgunean, 'Andikona 1936' abestiarekin. Otxandioko Andikona plaza 1936ko uztailaren 22an bonbardatu zuten, altxamendu frankistatik lau egunetara hain zuzen ere. Herriko jaietan murgildurik, jendez gainezka zeuden Otxandioko karrikak, eta 61 pertsona hil zituzten, emakume eta haurrak ia denak. Gertakari hau oroitzen dute geroztik Andikona plazan.

Azaroaren 19tik 21era, Xamanak egitasmoko kideek Barakaldon grabatutako kontzertua aurkeztuko dute, Gerra Zibilean bertan pairatutako bonbardaketen harira. Azaroaren 26tik 28ra Olatz Salvadorrek hirugarren eta azken kontzertua aurkeztuko du, Ondarroan diktadura garaian izen zen Saturraraneko emakumezkoen kartzelari buruz.

Emanaldiak ikusteko eta hauei buruz gehiago jakiteko, egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun