Nafarroako sokatira txapelketako azken jardunaldia jokatu zen larunbatean Elizondon, txapelketa mistoko bigarren jardunaldia eta finala, hain zuzen. Tiraldi guztiak irabazita, txapel hau ere Lesakako Beti Gaztek irabazi du, finalean Txantreari gailenduta. Berriozar hirugarren izan da, Amaiur laugarren, Antsoain B bosgarren eta Antsoain A seigarren.
Zortzikote txapeldunean Joxe Angel Mitxelena, Unai Gurrutxaga, Irantzu Goienetxe, Beñat Ordoki, Ane Gurrutxaga, Iñigo Altzugarai, Ainhoa Ubiria eta Maria Yanci aritu ziren tiran, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Maialen Lopez laguntzaile zituztela.
Beraz, Nafarroako txapel guztien (gizonezkoak zortzinaka 620 kiloko kategorian, emakumezkoak seinaka 375 kiloko kategorian eta mistoa zortzinaka 550 kiloko kategorian) irabazi du Beti Gaztek. Amaiurrek, berriz, itxura ederra eman du bere itzuleran eta podioko hirugarren koskara igo da emakumezkoen txapelketan. Gizonezkoetan eta mistoan laugarren izan da.
Orain Euskal Herriko launakako txapelketa
Nafarroakoa akitu orduko, Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketari ekinen diote Amaiur eta Beti Gazteko tiralariek. Senior kategorian, gizonezkoen 310 kiloko kategorian, emakumezkoen 250 kiloko kategorian eta 280 kiloko kategoria mistoan aterako dute taldea lesakarrek eta baztandarrek. Sub21 kategorian aldiz ez dute talderik aterako.
Lehenbiziko jardunaldian gizonezkoen txapelketa eta 21 urtez beheitiko lehen jardunaldia jokatuko dituzte azaroaren 13an Larrabetzun (Bizkaia). Gizonezkoetan hamar talde lehiatuko dira: Amaiur eta Beti Gazterekin batera Txantrea, Berriozar, Antsoain, Ibarra, Bizindar, Abadiño, Ñapurrak eta Zuraide. Bigarren jardunaldia azaroren 20an jokatuko dute Antsoainen eta bertan emakumezkoen txapelketa eta 21 urtez beheitiko bigarren jardunaldia jokatuko dituzte. Emakumezkoetan zortzi talde lehiatuko dira: Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Txantrea, Berriozar, Antsoain, Badaiotz, Ibarra eta Abadiño. Azaroaren 27an, txapelketa mistoa eta 21 urtez beheitiko hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko dituzte Berriozarren. Txapelketa mistoan, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Txantrea, Berriozar, Antsoain, Bizindar, Ibarra eta Goiherri ariko dira. Saio guztiak 17:00etan hasiko dira.