Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Julio Soto ere finalera pasatu da, Berriozarko saioa irabazita

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 7a, 11:00

200 lagun elkartu ziren atzo Berriozarko Entzunaretoan, txapelketako bigarren finalaurrekoa bertatik bertara segitzeko. Sei bertsolari aritu ziren kantuan: Josu Sanjurjo, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Julio Soto. Azken honek eskuratu du puntu gehien, eta azaroaren 28ko finalerako sailkapena lortu du, pasa den astelehenean Eneko Lazkozek eskuratu bezala. 

Berriozarko Entzunaretoak hartu du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa. 200 lagun bildu ziren atzo, Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Berriozarko Udalarekin laguntzarekin antolatutako saioa zuzenean ikusteko. Kantuan sei bertsolari, zozketaren araberako ordenean: Josu Sanjurjo Altzuri, Alazne Untxalo Erregerena, Patxi Castillo Graciarena, Mikel Lasarte Cia, Saioa Alkaiza Guallar eta Julio Soto Ezkurdia. Maialen Belarra Eneterreaga aritu zen gai-jartzaile.

Behin ariketa puntuagarri guztiak eginda, Julio Sotok eskuratu zuen epaileen puntu gehien (520,5) eta, ondorioz, saioa irabazi eta azaroaren 28an Iruñean eginen den finalerako txartela eskuratu du. Sotorekin batera Eneko Lazkoz ere finalean ariko da, pasa den asteleheneko Altsasuko saioa irabazi baitzuen. Gainerako bertsolariek finalaurrekoetako fasea bukatu bitarte zain egon beharko dute, finalerako sailkatuko ote diren jakiteko.

Horrela gelditu da Berriozarko saioaren sailkapena:

  1. Julio Soto Ezkurdia (520,5)
  2. Saioa Alkaiza Guallar (480,5)
  3. Josu Sanjurjo Altzuri (474,5)
  4. Alazne Untxalo Erregerena (428,5)
  5. Mikel Lasarte Cia (422)
  6. Patxi Castillo Graciarena (414,5)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun