Finalaurrekoetan da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Astelehenean jokatu zen lehen finalaurrekoa Altsasun eta bertan Eneko Lazkoz Martinezek eskuratu zuen finalerako txartela. Asteburu honetan izanen du segida txapelketak Berriozarko Entzunaretoan jokatuko den bigarren finalaurrekoarekin. Bertan arituko dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Alazne Untxalo Erregerena, Mikel Lasarte Cia eta Patxi Castillo Graciarena bertsolariak Maialen Belarra Eneterreaga gai jartzaile dutela.
Eneko Fernandez Maritxalar zen kantatzekoa Berriozarren, baina osasun arazoak medio ezin izango du kantatu eta Julio Sotok ordezkatuko du Berriozarren. Fernandezek, aldiz, gauzak ongi bidean Leitzako azken finalaurrekoan kantatuko du.
Saioa irabazten duena zuzenean igaroko da azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalera. Gainontzekoek, azaroaren 14an Leitzan jokatuko den azken finalaurreko bukatu arte itxaron beharko dute pilatutako puntuak finalean sartzeko aski izanen zaizkien ala ez jakiteko.
Berriozarko sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian. Egunen bertan sarrerarik gelditzen bada Berriozarko Entzunaretoko lehiatila irekiko dute 16:00etan. Leitzako saiora joateko bi sarrera bizkoitz zozketatuko ditugu Ttipi-Ttapan, TTIPI-TXARTELA dutenen artean. Parte hartzeko egin klik lotura honetan: https://erran.eus/zozketak/zozketa-nbt21-leitza. Leitzako eta finalerako sarrera ere salgai daude online.