Ziriza kontseilaria Bertizen bildu zen atzo Baztan-Bidasoko alkateekin, udal finantzaketaren sistema berria aurkezteko

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 3a, 08:30

Ezkerretik eskuinera, Ziriza kontseilaria Ladis Satrustegi Lesakako alkatearekin, Xabi Maia Baztango alkateordearekin eta Aitor Elexpuru Berako alkatearekin batera, Bertizen, udal finantziazio berria aurkezteko egindako bileran.

Udalen finantzaketa sistema berriak, «justizian eta lurralde-elkartasunean» oinarritua, Baztan-Bidasoko udalei 9 milioi euro ekarriko dizkie heldu den urtean, aurten baino 1,7 milioi euro gehiago. Sistema berri honen xehetasunak aurkezteko, Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilaria Bertizen bildu zen atzo Baztan-Bidasoko alkateekin.

Nafarroako Gobernuak eta parlamentuko talde gehienek adostutako udal finantzaketarako eredu berriak ia 9 milioi eurora altxatuko du datorren urtean Baztan-Bidasoko udalei beren funtzionamendua eta zerbitzuak finantzatzeko emanen zaien zenbatekoa, aurten baino 1,7 milioi euro gehiago.
 
Kontseilariak adierazi duenez, «finantzaketa eredu berria Europako eta Nafarroako Lurralde Estrategiaren arabera egin da, herritar guztiek zerbitzu eta azpiegituretarako sarbide baliokidea izanen dutela bermatzeko».
 
Kontseilariak azaldu duenez, orain udal bakoitzaren diru kopuruak zehazteko «banaketa aldagaiak sartzen dira, elkartasunean eta lurralde-justizian oinarrituta, eta finantzaketaren zati bat toki erakundeek ematen dituzten zerbitzuekin lotzen da». Topaketan Jesus Mª Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiak eta Javier Zia Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikoko Zerbitzuko zuzendariak ere parte hartu dute.
 
Hemendik aitzinera, udal bakoitzari esleitutako zenbateko guztiak KPI + 2 puntu, hau da, urtearen buruan Kontsumorako Prezioen Indizeari 2 puntu gehituz berrituko da hurrengo urteetan eta, hartara, toki entitateen finantzaketari egonkortasuna emanen zaio.
 
 
2022an Nafarroako Ogasunak udalei eginen dizkien transferentziak
Arano
55.000 € + % 14,0
Arantza 240.000 € + % 47,9
Areso
145.000 € + % 5,7
Baztan 3.200.000 € + % 18,6
Beintza-Labaien 85.000 € + % 5,2
Bera 1.200.000 € + % 23,7
Bertizarana 270.000 € + % 18,7
Donamaria 165.000 € + % 22,2
Doneztebe 715.000 € + % 29,2
Elgorriaga 90.000 € + % 8,5
Eratsun 65.000 € + % 40,3
Etxalar 315.000 € + % 43,7
Ezkurra 65.000 € + % 12,8
Goizueta
340.000 € + % 18,3
Igantzi 240.000 € + % 53,4
Ituren 220.000 € + % 53,4
Leitza
1.070.000 € + % 28,7
Lesaka 930.000 € + % 9,0
Oiz 60.000 € + % 33,1
Saldias 70.000 € + % 62,5
Sunbilla 260.000 € + % 24,4
Urdazubi 160.000 € + % 39,1
Urroz 75.000 € + % 40,8
Zubieta 120.000 € + % 29,9
Zugarramurdi 120.000 € + % 45,2

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun