Gizonezkoen nahiz emakumezkoen Nafarroako sokatira txapelketak erabaki ondotik txapelketa mistoko (lau emakume eta lau gizaseme, 550 kiloz beheitiko kategorian) lehen jardunaldia jokatu dute urriaren 30ean, larunbat arratsaldean Antsoainen. Beharbada albiste nagusia Beti Gaztek txapelketa osoko lehen tiraldia galdu zuela izan zen, Berriozarren kontra. Halere, lehenbizikoa izan zen Beti Gazte, Berriozarren kontrako bertzea ez ezik, bertze guztiak irabazi baitzituen (6 puntu).
Txantreak Beti Gazteren kontra izan ezik bertze guztiak irabazi zituen (5 puntu). Berriozarrek Txantrearen kontrako biak eta Beti Gazteren kontrako bat galdu zituen, baina gainerakoak irabazi zituen (4 puntu). Amaiur laugarren izan zen (3 puntu), Antsoain B bosgarren (2 puntu) eta Antsoain A seigarren (puntu 1).
Txapelketa mistoko bigarren jardunaldia azaroaren 6an, larunbatean 17:00etan jokatuko dituzte Elizondon. Bi jardunaldietan puntu gehien lortzen duten bi taldeek jokatuko dute finala eta, beraz, lehen urratsa eman du Beti Gaztek final horretan izateko.