Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Eneko Lazkozek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 2a, 12:00

Eneko Lazkoz saioko irabazlea kantuan.

Altsasuko saioa irabazita lehen finalista da Eneko Lazkoz. Larunbatean jokatuko da hurrengo saioa Berriozarko Entzunaretoan. 

300 entzuleren aitzinean jokatu zen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa Altsasuko Iortia kulturgunean. Han aritu ziren kantuan Endika Legarra Nuin, Eneko Lazkoz Martinez, Erika Lagoma Pombar, Xabat Illarregi Marzol, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Oier Lakuntza Irigoien bertsolariak,  Fernando Anbustegi Goñi gai-jartzaile zutela. Saio puntuagarria bukatuta, horrela gelditu zen sailkapena: 

  1. Eneko Lazkoz Martinez (489)
  2. Xabat Illarregi Marzol (465)
  3. Erika Lagoma Pombar (442)
  4. Ekhiñe Zapiain Arlegi (427,5)
  5. Endika Legarra Nuin (392)
  6. Oier Lakuntza Irigoien (388,5)

Eneko Lazkoz saioko irabazleak zuzenean eskuratu zuen Iruñean jokatuko den finalerako lehen txartela. Gainontzeko bertsolariek, aldiz, hurrengo bi finalaurrekoetako emaitzen zain egon beharko dute finalera sailkatzen diren ikusteko. Eneko Fernandez zen atzo kantatzekoa, baina osasun arazoak tarteko Eneko Lazkozek kantatu zuen bere ordez. Fernandezek larunbatean kantatuko du Berriozarren jokatuko den bigarren finalaurrekoan. 

Fernandezekin batera Alazne Untxalo Erregerena, Josu Sanjurjo Alzuri, Mikel Lasarte Cia, Patxi Castillo Graciarena eta Saioa Alkaiza Guallar ariko dira kantuan larunbatean Berriozarren Maialen Belarra Eneterreaga gai-jartzaile dutela. Saioa 17:30ean hasiko da eta sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus helbidean. 

Leitzako saioa aretoz aldatuta

Azaroaren 14an jokatuko da Leitzan txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Ikusmin handia piztu du Leitzako saioak, eta pasa den astean agortu ziren saiorako sarrera guztiak. Gauzak horrela, txapelketako antolakuntza taldeak saioko aforoa igo, eta Leitzako Herri Aretotik Leitzako kiroldegira pasa du saioa. Sarrera salmenta berriz ere martxan da bertsosarrerak.eus helbidean. 

Joanes Illarregi Marzol, Julio Soto Ezkurdia, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Julen Zelaieta Iriarte eta Iker Gorosterrazu Elizagoien ariko dira kantuan Leitzako finalaurrekoan, Ainhoa Larretxea Agirre gai-jartzaile dela. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun