Igande honetan, urriak 31, Araizko Zaporeen 5. feria ospatuko da Arriben. Bertan, ekoizle eta artisau postuak izanen dira, Lurtaro eta Habelarte elkarteen aurkezpenak eginen dira eta sagarrez eta gaztainez egindako postreen lehiaketa ospatuko da. Plazaola Partzuergoak, Cederna-Garalur elkarteak eta Araizko udalak antolatu dute.
Oraingoz, guztira 17 postu egonen dira; marmelada, sagardoa, eztia, ogia, gazta, intxaurrak, ukenduak, kremak, kakorratz-lanak, zeramika lanak, zapatak…. Araizko udalak, Araizko Zaporeakekin batera, informazio mahai bat jarriko du, non udala eta zonaldeari buruzko hainbat eskuorri, liburu, mapa… eskainiko diren: bertako ibilbideak, artzainen liburua, Aralarko Malloen liburua, Araxesen gainetik Malloen azpitik bideoa…
Gaztaina ardatz
Aurten gaztaina izanen dute ardatz, eta egur-labean gaztaina irinez egindako ogia eskainiko dute Lezaetako okinek. Baita bertako gazta eta arrautzez egindako pintxoak ere.
Horretaz gain, Araitz-Beteluko talo solidarioak izanen dira, Mundu bat proiekturako laguntza bildu asmoz, eta Venezuelako 'Choca los Cinco' elkarteak jatekoak eta jostailuak jarriko ditu eskura.
Lurtaro eta Habelarte elkarteen hitzaldia
Lurtaro elkarteak eta Habelartek, bertako baserritarren elkarteak, hitzaldi bat eskainiko dute Arribeko elkartean. Biak elikadura burujabetza bultzatzeko asmoz sortuak.
Azoka honetan lurrarekiko eta animaliekiko errespetuz ekoiztu diren produktu osasungarriak ikusarazi eta saldu nahi ditugu, eta, halaber, bertako baserritarren eta, oro har, herritarren lana, jakinduria eta aberastasuna goratu eta aldarrikatu. Bidenabar, ekonomia zirkularrari, ‘0 km’ ekimenei eta elikadura burujabetzari indarra eman nahi diote.
Postre lehiaketa
Postre lehiaketak ere badu berritasunik. Aurten, sagarrez egindako postreez gain, gaztainez egindakoak ere lehiatuko dira. Horretarako, parte hartu nahi dutenek 12:00etarako ekarri beharko dituzte plazara eta, bi irabazleek, bina lagunentzat afaria izanen dute sari.
Egitaraua
- 10:30 irekiera.
- 11:00 - 11:30 LURTARO eta HABELARTE elkarteen aurkezpenak.
- 12:00 Sagar eta gaztaina postreak aurkeztuko dituzte.
- 14:00 Araizko produktuez osatutako saskiaren zozketa eta sagar eta gaztaina postrearen txapeldunen berri emanen dute.
- 15:00 bazkaria Arribeko elkartean, Araizko produktuez egina, 15 euro.
- Goiz osoan talo solidarioa, pintxoak eta musika izanen da.
- 16:30 haurrentzako jolasak.