Tokiko ekonomia sustatzeko helburuarekin, lurraldeko elikadura estrategia lantzeko prozesua abiatu dute Malerrekan eta Bertizaranan eta Bortzirietan. Zehazki «elikadura sistemak dituen indarguneak, aukerak eta arriskuak identifikatu» eta tokiko ekonomia indartu nahi dute.
Bide horretan, elikadura sistemaren diagnosia egin dute. Malerrekakoa eta Bertizaranakoa urte hasieran aurkeztu zuten, eta orain, ortziralean, azaroaren 5ean, Bortzirietakoa aurkeztuko dute, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak, bortz udalekin eta Cederna Garalurrekin elkarlanean egin duena. Martxotik azarora hainbat aditu, etxalde eta kontsumo proiektu elkarrizketatuz osatu dute, eta emaitzak Beran eginen duten jardunaldian aurkeztuko dituzte. Berako Kultur Etxeko erakusgelan, 18:30ean, egina dute hitzordua.
Ortziraleko lansaioan, Bortzirietako azterketa aurkezteaz gain, bi eskualdeetan tokiko elikadura estrategiak definitzen hasiko dira. Horren bueltan, bi lansaio egitekoak dituzte eta bigarrena azaroaren 26an eginen dute Donezteben.
Herritarrei parte hartzeko deia egin diete baina parte hartzeko aitzinetik izena ematea beharrezkoa izanen da. Izena emateko 606 43 13 57 telefonora deitu beharko da.