Ttipi-Ttapa aldizkariaren artxiboko 2.000 argazki Wikimedia Commonsen

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 30a, 09:00

Zubietako inauteriak 1988ko urtarrilean.

1981 eta 1992 urte bitarteko 2.017 argazki digitalizatu eta publiko egin ditu Ttipi-Ttapak. Wikimedia Commons plataforman daude eskuragai, eta edonork erabili ditzake. Baldintza bat bakarrik bete behar da erabiltzeko: argazkiaren egilea Ttipi-Ttapa dela adieraztea

Garai bat erakusten dute irudiek, bizitzeko manera bat, gizartearen irudi eta isla dira,  une zehatz baten erretratuak. Istorioak erakusten dituzte irudiek, eta baita historia ere. Argazki artxiboek altxorrak gordetzen dituzte beren baitan, eta horixe da Ttipi-Ttapa aldizkariaren kasua ere. Estitxu Arotzena 1992ko apirilean Nafarroako Bertsolari Txapelketan lehenengoz aritu zenekoa, Aimar Olaizolari 1991n egindako lehen elkarrizketako argazki bat, 1983an Beran ospatutako Nafarroa Oinez, 1992. urteko Baztandarren Biltzarra, 1991ko Sarako Errugbilari taldea… Garaiko gizartearen lekukoak ageri dira Ttipi-Ttaparen artxiboko erretratuetan.  

Aimar Olaizola 1991n.

1981ean aldizkaria sortu zenetik, argazki artxibo oparoa bildu du Ttipi-Ttapak, eta horietako anitz, zehazki 1981 eta 1992 urte bitarteko 2.017 argazki digitalizatu eta Wikimedia Commons atarian paratu ditu orain. Euskal Wikilarien Elkarteak eta Tokikom tokiko hedabideen elkarteak sinaturiko akordio baten bidez egin du lan hori Ttipi-Ttapak, eta tokiko bertze hedabide batzuk ere ari dira langintza berean egun. 

Edonork erabiltzeko moduan

Digitalizatutako argazki horiek denak Wikimedia Commons atarian daude orain erabilgarri. Wikimedia Fundazioaren ekimena da Wikimedia Commons eta 2003an sortu zen Ameriketako Estatu Batuetako Kalifornia estatuan. Handik urte batzuetara, 2006an heldu zen Euskal Herrira, eta helburua argia du: munduko herritarrak CC lizentziadun eduki librea sortzera bultzatzea. Wikipedia entziklopedia librea da beharbada fundazioaren proiekturik ezagunena, baina, bere baitan ditu bertze hainbat proiektu, horien artean da argazki artxiboak biltzeko Wikimedia Commons. 

Digitalizatutako irudiak lizentzia librean daude eskuragai

Ezaugarri bat dute fundazioaren proiektu guztiek: lizentzia librea. Hau da, bertan paratutako edukiak edonork erabili eta editatu ditzakeela.Kasu hori da Ttipi-Ttapako argazkiena ere. CC lizentzia librean partekatuta daude irudiak. Hau da, argazki horiek nahi duen orok hartu, eta nahi duen funtziorako erabil ditzake. Baldintza bakarra bete behar da: argazkiaren jabetza intelektuala aitortzea, hau da irudia Ttipi-Ttaparena dela erratea. Argazki horiek bere baitan erabiltzeaz gain, badago editatzea ere. Hori egiten den kasuan, argazkiaren egilea nor den adierazi beharko da, eta baita argazki hori editatuta dagoela ere. Gainera, behin hori eginda, berriz ere lizentzia librean partekatu beharko da irudia.

Estitxu Arotzenari 1992an egindako irudia.

Espero gabeko altxorrak

Ttipi-Ttapako kideekin batera, Euskal Wikilarien elkarteko Alex Pulido aritu da argazkiak sailkatzeko lanean, eta bidean espero gabeko hainbat altxor topatu dituztela kontatu du: «Espero genuen argazki batzuk aurkitzea, ferietakoak, jaietakoak edo baserrietakoak adibidez. Baina, espero ez genituenak ere aurkitu ditugu, Itoiz taldearen aurrekari izan zen Hegan taldearen lehenengoetariko argazki batzuk adibidez, edo Aimar Olaizolaren lehen elkarrizketako irudiak».

Eskualdeko historiaren isla dira Ttipi-Ttapako irudiak

Euskal kulturarekin zerikusia duen artxibo emankorra aurkitu duela dio Pulidok. Horregatik, horrelako argazkiak eduki libre bezala partekatzeak gizarteari onura egiten diola nabarmendu du: «Horrelako irudiek eskualdeko historia ezagutzeko balio dute, baina, baita garai bat ezagutzeko ere». Gainera irudiak partekatzeak atzerrian euskal kultura eta historia zabaltzeko bide eman dezaketela nabarmendu du, eta hezkuntzan ere erabilgarri izan daitezkeela uste du.  

Non eskuratu daitezke argazkiak?

Ttipi-Ttapak digitalizatutako argazkiak interneteko https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Ttipi-Ttapa  atarian daude eskuragai, eta bertatik deskargatu daitezke zuzenean kalitate onean. Denera 2.017 argazki daude digitalizatuta, eta hainbertze irudiren artean, bilaketa errazteko asmoz argazkiak herrika, eskualdeka, zein urteka bilatu daitezke. Gainera, argazki guzti horiek zortzi kategoriatan sailkatu dira, horien bilaketa errazteko asmoz: ekonomia, euskara, gizartea, hezkuntza, kirola, kultura, politika eta ikuspegia. Argazkiarekin batera irudian ikusten denaren inguruko informazioa ere bilduta dago: nor ageri den argazkian, zergatik atera den, zer ikusten den bertan… Dokumentazio lan sakona dago, beraz, irudi bakoitzaren atzean. 

Baztandarren Biltzarra 1992an.

Argazkiak igotzeko bi baldintza

Ttipi-Ttapak egin duen gisan, edozeinek igo ditzake bere argazkiak Wikimedia Commonsera. Aski da ordenagailu edo mugikor bat, eta interneterako konexioa izatearekin. Pulidoren hitzetan erraza da argazkiak igotzea, eta edozeinek egin dezake. «Wikimedian kontu bat sortu behar da, eta Wikimedia Commons atalean sartu eta hor igo botoia sakatuta agertzen dira azalpen guztiak». 

Edozeinek igo ditzake bere argazkiak Wikimediara

Argazkiak igotzerako orduan kontuan hartu beharreko bi baldintza daudela nabarmendu du Pulidok: «Argazkia norberarena izatea, edo bestela,   beste baten irudia den kasuan, egilearen baimena izatea». Prozesu erraza da, eta behin argazkia edo argazkiak igota  deskribapena idatzi, eta kategoria batean sailkatu behar dela nabarmendu du, horrela argazkien bilaketa errazteko. 

Gizarteari ekarpena egiten dion edozein irudi igo daitekeela nabarmendu du, baina ohartarazpen bat ere egin du: «Kontziente izan behar dugu gero irudi hori edonork erabili dezakeela, eta, beraz, kontuan hartu behar da irudi pribatu bat bada, edo gero irudi hori saldu nahi badugu, behar bada hori ez dela partekatu behar».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun