Erratzun, Amaiurren eta Zugarramurdin turismo jasangarria sustatzeko lanak egin dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 29a, 07:00

Nafarroako Turismo Plan Estrategikoaren "Turismo-espazioa egokitzea eta harrera-gaitasuna indartzea" programaren barrenean.

Erratzu, Amaiur eta Zugarramurdiko turismo inguruetan egindako jarduerak bisitatu zituen ortzegun goizean Mikel Irujok, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak.

Jarduerak 2018-2025 Nafarroako Plan Estrategikoaren Turismo-espazioa egokitzea eta harrera-gaitasuna indartzea programaren baitan daude, helburu nagusia izanik ekintza turistikoak garatzeko eremua hobetzea eta errekurtsoak hala nola irisgarritasun azpiegiturak sustatzea, turismo jasangarriaren ikuspegitik. Kontseilariak azpimarratu zuen «enklabe turistiko hauek behar dituztela turismoaren kudeaketarako esparruak, turismo antolamendua eta jasangarritasun aukerak bermatzeko».

Amaiur eta Erratzu

Amaiurren eta Errantzun zenbait lan garatuz aritu dira Baztango Udalarekin lankidetzan. Horrela, Nafarroako Gobernuak25.000 euroko inbertsioa egin du, bideragarritasun azterketa baten garapena, pertsonen kontagailu baten instalazioa eta erreserba web orri bat martxan jartzeko.

Amaiurren, herria eta Aranzadi bezalako bertze agente batzuk lanean hasi ziren udalerriko errekurtso turistikoak berreskuratu eta garatzeko asmoz. Horretarako, eta lanean urte ugari eman ondotik, gazteluko hondakinak birgaitu zituzten bisitatu ahal izateko, erromesen aterpetxea berritu zen eta zentro arkeologikoa egokitu zen, horiekin batera errotaren ohiko bisita ere berreskuratuz.

Orduan atzeman zen lanerako plan bat egiteko beharra, martxan jartzeko errekurtsoen baterako kudeaketa eta bideragarritasun plan bat egin zen, Nafarroako Gobernua, Baztango Udala, Amaiurko herria eta Gaztelu elkartearen arteko lankidetzaren bitartez.

Neurri osagarri modura pertsonen kontagailua instalatu zen, horrela kontabilizatzeko Gaztelura egindako bisitak. Kontagailu honen eta arkeologia zentroaren /turismo informazio-gunearen azken datuen arabera, 35.959 pertsonek bisitatu dute aurten udalerria; uzaila eta iraileko lehenengo hamabostaldiaren artean 646 pertsonek egin dute bisita gidatua.

Planifikazio lan honen ondoko bertze jardueretako bat izan da Amaiur eta Erratzuko aparkalekuetako erreserben webgunea abian jartzea, enklabe turistiko haietarako irisgarritasuna kontrolatzeko.

Amaiurren kasuan, Baztango Udalak hirigunerako sarbidea arautu du, egoiliarrak ez direnendako, dagokion seinaleztapena ezarriz, eta bere webgunearen bitartez ahalbidetzen du, aurtengoan doan eta proba pilotu modura, plaza erreserba egitea udalerriko sarbidean finkatutako aparkalekuan, horrela ekidinez udalerrian barrena autoak sartzea eta lortuz egoiliarren eta bisitarien arteko bizikidetza erraztea.

Xorroxin ur-jauzia

Ekimen honekin batera, aitzinera doaz aldi berean Xorroxin ur-jauzirako sarbidearen planifikazio lanak, Erratzun. Beraz, Nafarroako Gobernuak finantzatu du garatutako lanen hein bat (bisitarien profilaren azterketa, pertsonen kontagailua, bide egokitzapena eta erreserba webgunea) 57.000 euroko gastu metatuarekin, azken lau urtetan.

Erabilitako metodoa Amaiurrekoa bezalakoa izan da: 2018tik antzeko diagnosi baten garapena eta existitzen diren errekurtsoen egokitzapen fisikoa landu dira, halaber ur-jauziaren ibilbidearen aldaketa, pertsonen kontagailu baten instalazioa eta uda honetan, aipatu denez, erreserba webgunea izan duen behin-behineko aparkaleku bat finkatzea lortzeko, pertsonala kontratatuz, udako hilabetetan, trafikoa arautu eta aparkalekuko sarbidea bideratzeko.

2021ean, 43.802 pertsonek bisitatu dute Xorroxin ur-jauzia, horrela Nafarrako errekurtso turistiko natural bisitatuenetako batean bihurtuz.

Zugarramurdi

Agerikoa da Zugarramurdik turismoa erakartzeko duen gaitasuna. Eta aipatu beharra dago Sorginen Leizea dela, Oliteko Jauregia eta gero, Nafarroako bigarren kultur gune bisitatuena, 87.183 bisitari izan dituenez 2021ean. Egoera hau ez dago arazoetatik salbu, zeren data jakinetan, auto-pilaketa nabarmena izaten da.

Inpaktu hori ahal den neurrian minimizatze aldera, udalak apustu egin du ibilgailuak aparkatzeko partzela bat egokitzearen alde, 2.000 metro kuadro erabilgarri dituenez horretarako. Proiektu honek, 53.300 euroko gastu bat izanik, Nafarroako Gobernuak 25.000 euroko diru-laguntza eman du.

Egoiliarren azterketa

Turismo-espazioa egokitzea eta harrera-gaitasuna indartzea lantzen duen azterketak dioenez, Ipar Eremuko herritarrak dira turismoaren ondorioekiko kritika gehien adierazten ari direnak: % 24ak erraten du trafikoaren hedapen handiagoa ekartzen duela, aldi berean garbiketa zerbitzuen hobekuntza trabatuz (% 3). Eta eremu honetako % 34,1ak soilik erraten du turismoaren etorrerak hobekuntza dakarrela udalerri txikietan.

Abian jarritako jarduketen helburuak hain zuzen errekurtso turistikoen antolamendua eta jasangarritasuna dira, errekurtso turistikoak dituzten herrietan trafikoaren afekzioa bezalako arazoak arintzea lortze aldera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!