Euskal Herriko mendi duatloi zirkuiturako baliagarria zen proba jokatu zen larunbatean Amasan (Gipuzkoa). Erreleboka, eskualdeko kirolariak bikain ibili ziren. Sunbillako Eneko eta Koldo Herrera Urroz anaiak lehenbizikoak izan ziren eta Anizko Unai Iantzi Maritorena eta Gartzaingo Jon Maritorena Zenoz lehengusuak hirugarren.
Sunbillako anaiek ordubete, 15 minutu eta 23 segundo behar izan zituzten ibilbidea osatzeko: 4,18 kilometro lasterka, 17,79 kilometro mendi bizikletan eta azken 2,43 kilometroak berriz ere lasterka. Hugo Teixeira eta Ibon Ruiz de Alda izan ziren bigarren (1.17.57) eta Unai Iantzi eta Jon Maritorena baztandarrek osatu zuten podioa (1.18.16). Guztira 24 bikotek parte hartu zuten erreleboka egindako lasterketan, tartean Ainhoa Etxegarai Elgorriaga beratarra eta Asier Biurrarena Ubiria lesakarra ere.
Txapelketa hau Igantzin abiatu zen irailaren 5ean eta orduan ere Koldo Herrera nagusi izan zen erreleboka, orduan Txantreako Aitor Blancorekin. Ondotik egun dira Igartza, Urduña, Aiara, Ibarra, Zegama eta Amasako probak eta Aiakoa eta Adunakoa falta dira txapelketa bukatzeko.