2022an ospatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia eta finala Iruñean izanen da

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 26a, 11:30
Barakaldoko BEC aretoan jokatu zen 2017an ospatu zen azken txapelketako finala. Irudia: Gari Garaialde.

Irailaren 24an hasiko da txapelketa Getxon (Bizkaia), eta lehenengoz finala Iruñean izanen da abenduaren 18an. 

Iazko abenduan jakinarazi zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 2021ean egitekoa zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa atzeratzeko erabakia. Egoerak hobera egin duen honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izanen dela aurreikusiz, 2022ko udazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa aurrera eramateko erabakia hartu du Bertsozale Elkarteak. 

Irailaren 24an hasiko da txapelketa Getxon (Bizkaia), eta lehenengoz finala Nafarroan izanen da: Iruñeko Nafarroa Arenan 2022ko abenduaren 18an.

Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana.  

Txapelketa bertsolaritzaren akuilu

Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan. 

Xede horrekin eta Iruñean Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, finala bertan egiteko erabakia hartu du Bertsozale Elkarteak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun