Finantzaketa eredu berriarekin diru gehiago hartuko dute udalek

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 26a, 10:00
Argazkian Ziga. www.valledebaztan.com

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoekin Nafarroako Gobernuak «udalerri eta kontzejuetarako bidezkoagoa eta solidarioagoa» den finantzaketa eredua adostu du. Eskualdeari begira, mila biztanle baino guttiago dituzten udalek aurten baino % 15 gehiago hartuko dituzte, 1.001 eta 5.000 biztanleren artean dituztenek –eskualdean Bera, Doneztebe, Leitza eta Lesaka– % 9 gehiago eta 5.001 eta 25.000 biztanle artean dutenek –eskualdean Baztan– % 13 gehiago.

Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak finantzatzeko diru gehiago izanen dute udalek heldu den urtean. Zehazki, gobernuak 272 milioi euro banatuko ditu toki erakundeen artean, aurten baino 16,4 milioi euro gehiago eta gisa berean, urtero KPI +2 igoko dute. Hala adostu du Nafarroako Gobernuak talde parlamentarioen gehiengoaren babesarekin. Navarra Suma baino ez da gelditu akordiotik kanpo.

Finantzaketa eredua aldatuta, gobernuak «herritar guztiek zerbitzu eta azpiegituretarako aukera izatea» bermatu nahi du, «udal guztiek, ttikiak izanda ere, guttieneko kopuru bat izanen dute oinarrizko gastuei aurre egiteko, biztanle kopuruaren menpe izan gabe». Horretarako, banaketan bertze aldagai batzuk hartuko dituzte kontuan, bertzeak bertze, biztanleria kopurua, pobrezia-arriskuan dagoen biztanleria, 65 urtetik goitiko biztanleria eta zahartze-maila, hiri-azalera publikoa, biztanle-guneen sakabanaketa, lurralde-ekarpena, ibilgailuen gaineko zerga, herri lurren aprobetxamenduari dagozkion diru sarrerak...

Aldaketa honen eragina «bereziki udal ttikiek» sumatuko dutela adierazi du gobernuak. Izan ere, mila biztanletik beheitiko 189 udalerrik heldu den urtean 26,7 milioi euro hartuko dituzte, aurten baino % 15 gehiago. Dena den, gobernuaren arabera «228 udalerrik, hau da, % 84k, hobetuko dute finantzaketa; 43 udalerritan mantenduko da eta baten kasuan bakarrik eginen du okerrera». Iruñea da guttiago hartuko duen bakarra: 86,35 milioi euro hartuko ditu, gaur egun baino % 2 guttiago. Baztanek, erraterako, 3,19 milioi hartuko ditu, aurten baino 500.000 euro gehiago.

Banaketa berria eta zaharra

272 milioi horietatik 196,6 milioi gastu arruntak ordaintzeko bideratuko dira. 44,5 milioi euroko bertze funts bat ere aurreikusi dute eta hori toki entitateek ematen dituzten zerbitzuen arabera banatuko dute. Kasu honetan, banaketa egiteko 0 eta 3 urteko haur eskolak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak eta liburutegiak hartuko dituzte kontuan. Bertze 16,2 milioi euro lurralde kohesiorako izanen dira «udalerri jakin batzuek lurraldearen garapenean duten zeregina indartzeko». Funts honen onuradunak 30 bat udal izanen dira, eta eskualdean, Baztango, Doneztebeko, Berako eta Leitzako udalak. Hortik aparte, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora bideratutako 450.000 euroko kopurua mantenduko dute; eta JEZaren (Jarduera ekonomikoen gaineko zerga) diru bilketa galtzeagatik udalei ematen zaien konpentsazioari eutsiko diete; 13,9 milioi.

Orain arte udalen finantzaketa tokiko ogasunen parte-hartze funtsetik bideratu izan da, eta hor, adibidez, Iruñeari hiriburu gutunagatik 26 milioi inguru ematen zitzaizkion. Eredu horrek, ordea, «udalerrien artean desberdintasunak sortu» izan dituela uste du gobernuak, «urteak pasatu ahala areagotu egin diren desberdintasunak». Horren seinale datuak ere eman ditu: «2021ean, 50.000 biztanletik goitiko udalerriek, hau da, Iruñeak, 432 euro hartu ditu pertsonako; 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerriek, berriz, 280 euro pertsonako, edo 2.001 eta 5.000 euro artean dituztenek 325 euro pertsonako». Udalerria zenbat eta ttikiagoa izan aldea handiagoa izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun