Nerea Sorondo beratarrak irabazi du Euskal Herriko aizkora txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 25a, 12:00

Euskal Herriko aizkora eta harri-jasotze txapelketan parte hartu zuten hamabi emakumeak, Sorondo eta Gisasola txapelarekin. Inoiz baino gehiago bakarkako txapelketa ofizial batean.

Harri-jasotze txapelketa Karmele Gisasolak irabazi zuen eta hamabi emakume bakarkako lehian ikusi zituzten Mungiako plazan.

Herri-kirol hitzordu garrantzitsua izan zen igande eguerdian Mungiako plazan. Inoiz baino emakume gehiago ikusteko aukera izan zen bakarkako lehian, Euskal Herriko aizkolari eta harri-jasotzaile txapelketan. Denera hamabi emakume, seina modalitate bakoitzean. Aizkoran, Nerea Sorondo beratarra suertatu zen garaile eta harri-jasotzen Karmele Gisasola bizkaitarra.

Aizkoran Sorondo nagusi

Aizkoran aritu ziren sei emakumeek bosna enbor moztu behar zituzten: 36 ontzako bi enbor, 45 ontzako bi enbor eta kanaerdiko bat (54 ontza). Nerea Sorondo hasieratik bukaerara gailendu zen eta 15 minutu eta 41 segundo aski izan zituen lana burutzeko. Txapeldunorde izan zen Laiene Pikabea gipuzkoarrak ia lau minutu gehiago behar izan zituen  (19.24) eta podioa osatu zuen Uxue Ansorregi bizkaitarrak ia zazpi minutu gehiago (22.32). 25 segundorengatik podiotik kanpo gelditu zen Maika Ariztegi iturendarra (22.57), bosgarren izan zen Xanta Sousa lesakarra (26.09) eta seigarren Beatriz Tanco (29.31).

Aizkora txapelketako parte-hartzaileak, antolatzaile eta sari-emaileekin igandean Mungian. Nerea Sorondo beratarra txapeldun suertatu zen.

 

Karmele Gisasolak ere areriorik ez harri-jasotzen

Aizkoran Sorondoren nagusitasuna nabarmena izan bazen, bertze horrenbertze gertatu zen harri-jasotze txapelketan ere. Hemen ere sei kirolari aritu ziren lehian, hiruna minutuko txandetan, 75 kiloko harri zilindrikoarekin, 62,5 kiloko kubikoarekin eta 62,5 kiloko kubikoarekin. Hiru harriekin lanik onena egun zuen Gisasolak. Zilindroari 23 jasoaldi eman zizkion, kubikoari 17 eta bolari 27, denera 4.475 kilo. Lucia Orbe bizkaitarra izan zen bigarren, 3.575 kilo altxatuta (16-14-24 jasoaldi). Marina Blanco bizkaitarrak lortu zuen podioko hirugarren koskara igotzea, 2.100 kilorekin (8-6-18). Udane Ostolaza gipuzkoarra izan zen laugarren (1.725 kilo), Naiara Zumeta gipuzkoarra bosgarren (1.662,5 kilo) eta Aroa Sanchez gipuzkoarra seigarren (1.600 kilo).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun