Hiru saski aukeran
Aurtengoan hiru saski daude aukeran: 55 euroko Errigorako saski klasiko beltza, 65 euroko balioa duen saski berde ekologikoa eta 75 euro balio duen saski zuri berezia. Saski guztiekin batera Errigoraren eta Agerraldiaren argazkiak eta informazioa biltzen dituen egutegia ere banatuko dute.
Saskiek duten balioaren % 25 bideratuko dute euskalgintzara. Diru ekarpenaren zati handiena Nafarroa hegoaldeko ikastolei, AEKren euskaltegiei eta eskualdean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratuko diete. Gainontzekoa ekarpena, aldiz, Agerraldia ekimenari bideratuko diote.
Errigoraren ibilbide laburra herrigintza ariketa ederra izan da; herriak herriari eginiko ekarpen xume bezain inspiratzailea. Antolatzaileek diotenez, «2013tik 1.400.000 euro baino gehiago bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea bera, elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dugu».
Oraingoan hiru saski aukeran
Ailegatu da berriz ere Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta euskara puzka kanpaina. Urriaren 23tik azaroaren 11ra arte iraunen du eta Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko produktuz betetako hiru saski eskainiko dituzte (beltza, berdea eta zuria) eta horien balioaren % 25 inguru horretako euskalgintzari bideratuko zaio.
Hasieratik hartutako sostengua nabarmendu nahi izan dute. 2013an martxan paratu zutenetik, 1.400.000 euro baino gehiago bideratu ditu Errigorak Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko egitasmoak babestera. Herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaian «auzolanaren balioa eta baliagarritasuna» frogatu dutela nabarmendu dute.
Bide horretan kokatu dute Agerraldia ekimenaren sorrera: «Denbora gehiegi joan zaigu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean aldaketaren esperoan. Bokazio praktikoa du egiteko eta eginarazteko sortu da; instituzioen utzikeriaren edo, eragozpenen aitzinean, herri ekimena nagusitu dadin, euskararentzat aro berri bat zabaltzeko».
Zer du barnean saski bakoitzak
Saski beltza (betikoa), 55 €
- Orburuak
- Zainzuri zuriak
- Pikillo piperrak
- Oliba-olio birjina estra
- Botila ardoa
- Melokotoia almibarrean
- Melokotoi marmelada
- Potxak
- Teilak
- Mahats-zukua
- Piper-mamia
- Kardua
- + 2022ko egutegia
Saski berdea (ekologikoa), 65 €
- Orburuak
- Zainzuri zuriak
- Pikillo piperrak
- Oliba-olio birjina estra
- Botila ardoa
- Ardo-ozpina
- Dilista lehorrak
- Arroza
- Pasta
- Barazki-menestra
- Sagar-zukua
- Teilak
- + 2022ko egutegia
Saski zuria (ekologikoa), 75 €
- Orburuak
- Zainzuri zuriak
- Pikillo piperrak
- Oliba-olio birjina estra
- Botila kriantza
- Ardo zuri apartsua
- Patxarana
- Pikillo marmelada
- Txokolatezko zigarretak
- Patxaran-pastak
- Polboroiak
- +2022ko egutegia
Nola eskatu
Kutxa eskaerak egiteko eta biltzeko tokiak
Gure lurraldean, hauek dira kutxa eskaerak egiteko eta biltzeko tokiak:
- Arantza Arantzako Errigoraren gunea
- Azkaine Bernadettenea
- Areso Aresoko plaza zaharra
- Bera Berako Kultur etxea
- Doneztebe Doneztebeko Errigoraren gunea
- Elizondo Kattalingorri-zangue
- Goizuetako Umore ona elkartea
- Igantzi Igantziko gunea
- Leitza Udal pabiloia
- Lesaka Arrano ostatua
AEK, ikastolak eta Sortzen
Kanpaina hau Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean egiten du Errigorak eta kanpainak uzten duen diru-ekarpenaren zati handiena Nafarroa hegoaldeko ikastolei, AEK-ren euskaltegiei eta eremu horretako sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratuko zaie.
Agerraldia ekimena, euskara hauspotzeko Nafarroa erdialdean eta hegoaldean
Horrez gain, ekarpenaren zati bat Errigora ekimenetik sortutako Agerraldia ekimenari bideratuko zaio. Nafarroa erdialde eta hegoalde zabalean euskarari hauspo berria ematera datorren mugimendua da Agerraldia. Herritarrak euskararen alde saretu eta, proiektu komun baten baitan bilduta, euskararen ezagutza bultzatzeko, erabilera sustatzeko eta euskararekiko jarrera baikorrak birsortzeko ekintza praktikoak bultzatzea du xede. Ekintza praktiko horiekin urteko agenda osatzen du Agerraldiak. Dagoeneko bete du bere lehen agenda-urtea eta, pandemiak ezarritako oztopoei aurre eginez, ekintza mordoa aurrera ateratzea lortu dute, eremu horretako euskaltzaleen artean ilusio handia piztuz.