Izar Berriak aizkolari txapelketako lehen saioa eginen dute urriaren 23an Basaurin

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 22a, 13:00

Julen Olano leitzarra eta Joxean Etxeberria zigatarra ariko dira Basaurin.

Zigako Joxean Etxeberria eta Leitzako Julen Olano izanen dira eskualdeko ordezkariak larunbat eguerdiko saioan.

Izar Berriak aizkolari txapelketak lehen saioa jokatuko dute urriaren 23an, larunbatean 12:00etan Basauriko Artunduaga frontoian (Bizkaia). Txapelketa berria da hau. Aizkolariak binaka ariko dira, sei bikotetan banatuak eta bi jardunaldietako puntuazioa hartuko da kontuan. Zigako Joxean Etxeberria eta Leitzako Julen Olano izanen dira eskualdeko ordezkariak.

Etxeberria, Axel Larrañagarekin ariko da eta Olano Julen Gabirondorekin. Bi bikote hauekin batera, Txomin Amundarain eta Ibai Soroa, Hodei Ezpeleta eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Oier Kañamares IV.a eta Xuban Kañamares V.a eta Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal lehiatuko dira. Bigarren jardunaldia azaroaren 1ean jokatuko dute Azpeitian.

Harri-jasotzaileak eta arpanlariak ere

Aizkolariez gain, Urrezko binakako harri-jasotze txapelketa ere larunbatean abiatuko da Basaurin. Julio Jimenez (Arévalo) eta Sergio Mielgo (Madril) ariko dira 150 kiloko harri laukizuzenarekin, 125 kiloko koparekin, 113 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin.

Bi bikote bizkaitar ere ariko dira arpanan: Batirtze Ispizua eta Nerea Egurrola, alde batetik, eta Iraide Gezuraga eta Amaia Mendinueta, bertzetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun