Nafarroako sokatira txapelketa joan den larunbatean abiatu zen Leitzan eta urriaren 23an, larunbatean 17:00etan hasita, lehen txapelak banatuko dituzte Barasoainen jokatuko den bigarren jardunaldian. Hain zuzen, gizonezkoak zortzinaka 620 kiloz beheitiko kategorian eta emakumeak seinaka 375 kiloz beheitiko kategorian ariko dira. Bi kategoriatan nagusi izan zen Lesakako Beti Gazte lehen jardunaldian eta bietan laugarren izan zen Amaiur.
Eskualdeko ordezkari diren bi taldeekin batera, gizonezkoetan Txantrea, Berriozar eta Antsoain ere ari dira, eta emakumezkoetan Txantrea, Berriozar, Antsoain eta Araxes.
Txapelketa mistoa
Gizasemeak eta emakumeak bakoitza bere aldetik lehiatu ondotik, txapelketa mistoaren txanda izanen da. Hemen ere sei talde ariko dira, zortzinaka (lau emakume eta lau gizonezko), 550 kiloz beheitiko kategorian: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea. Lehen jardunaldia Antsoainen jokatuko dute urriaren 30ean, 17:00etan eta bigarrena eta azkena azaroaren 6an Elizondon, 17:00etan.