Emakumezkoen Euskal Herriko aizkora txapelketa jokatuko dute igandean Mungian

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 19a, 13:00

Sorondo, Ariztegi eta Sousa, 2018an Usurbilen lehen aldiz jokatu zen txapelketako podioan.

Sei aizkolari ariko dira lehian, tartean Maika Ariztegi iturendarra, Nerea Sorondo beratarra eta Xanta Sousa lesakarra.

Emakumezkoen Euskal Herriko harri-jasotze eta aizkora txapelketak jokatuko dituzte urriaren 24an, igandean 12:00etan, Mungiako (Bizkaia) Matxin plazan. Harri-jasotzen ez da eskualdeko ordezkaririk izanen, baina sei aizkolarietatik hiru eskualdekoak izanen dira: Maika Ariztegi iturendarra, Nerea Sorondo beratarra eta Xanta Sousa lesakarra.

Txapelaren bila lehiatuko diren bertze aizkolariak Beatriz Tanco nafarra, Uxue Ansorregi bizkaitarra eta Laiene Pikabea gipuzkoarra izanen dira. Aizkolari bakoitzak bosna enbor moztu beharko ditu, 36 ontzako bi enbor, 45 ontzako bi enbor eta kanaerdiko bat (54 ontzakoa).

Harri-jasotzen ere sei emakume

Euskal Herriko harri-jasotze txapelketan sei emakume ariko dira, hiru bizkaitar (Karmele Gisasola, Lucia Orbe eta Marina Blanco) eta hiru gipuzkoar (Aroa Sanchez, Naiara Zumeta eta Udane Ostolaza). Hiruna minutuko txandatan 75 kiloko zilindroarekin, 62,5 kiloko kuboarekin eta 62,5 kiloko bolarekin ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun