Nafarroako sokatira txapelketan agintzen hasi dira Beti Gazteko neska-mutilak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 18a, 11:00

Emakumezkoen eta gizonezkoen sokatira txapelketan hasi diren talde guztien aurkezpena larunbatean, Leitzako Amazabal pilotalekuan.

Larunbatean Leitzan jokatutako lehen jardunaldian nagusitu ziren gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan eta Amaiurko taldeak laugarrenak izan ziren.

Nafarroako sokatira txapelketa abiatu da larunbatean Leitzan jokatutako lehen jardunaldiarekin. Azken urteetan eskualdeko ordezkari bakarra izan den Lesakako Beti Gazterekin batera, aspaldiko partez kategoria guztietan taldea atera du Amaiurrek ere. Lesakarrak agintzen hasi dira, gizasemeek nahiz emakumeek tiraldi guztiak irabazi baitzituzten. Amaiurtarrak laugarrenak izan ziren.

Larunbat arratsaldean Leitzako Amazabal pilotalekuan jokatutako lehen jardunaldian gizonezkoak zortzinaka lehiatu ziren, 620 kiloz beheitiko kategorian. Beti Gazte gailendu zen tiraldi guztietan eta 5 puntu eskuratu zituen, bigarren Txantrea izan zen (4 puntu), hirugarren Berriozar (3 puntu), Laugarren Amaiur (2 puntu) eta bosgarren Antsoain (puntu 1). Beraz, Amaiurrek Antsoainen kontrako tiraldiak irabazi eta gainerakoak galdu egin zituen. Emakumezkoak, berriz, seinaka aritu ziren, 375 kiloz beheitiko kategorian. Hemen ere Beti Gazte gailendu zen tiraldi guztietan (6 puntu), Txantrea bigarren (5 puntu), Berriozar hirugarren (4 puntu), Amaiur laugarren (3 puntu) eta Araxes eta Antsoainek berdindu egin zuten (1,5 puntu). Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketako bigarren eta azken jardunaldia urriaren 23an jokatuko dute Barasoainen, larunbatean 17:00etan. Bertan emanen dira, beraz, aurtengo Nafarroako lehen txapelak.

Txapelketa mistoa

Gizasemeak eta emakumeak bakoitza bere aldetik lehiatu ondotik, txapelketa mistoaren txanda izanen da. Hemen ere sei talde ariko dira, zortzinaka (lau emakume eta lau gizonezko), 550 kiloz beheitiko kategorian: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea. Lehen jardunaldia Antsoainen jokatuko dute urriaren 30ean, 17:00etan eta bigarrena eta azkena azaroaren 6an Elizondon, 17:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun