Tenperaturaren igoera Bidasoa eta Urdazuri ibaietan ere sumatuko litzateke

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 17a, 09:00

Tenperaturaren igoerarekin Bidasoko bide berdeko zenbait puntu urak hartuko lituzke.

Ameriketako Estatu Batuetako Climate Central zentroak mapa bat atera du tenperaturaren igoerak itsasoaren mailan izanen lukeen eragina nolakoa izanen litzatekeen adieraziz. Horren arabera, tenperatura gradu bat eta hiru graduren artean igoko balitz, eragina Bidasoa eta Urdazuri ibaietan sumatuko litzateke: Zalain Zokoko zenbait tokitan Bidasoko bide berdea urak hartuko luke baita Azkaineko eta Senpereko hainbat etxe, negozio eta bertzelako toki ere.

 

Klima aldaketaren ondorioz tenperatura igotzen ari da eta bide beretik, itsas mailak ere igotzen segitzen du. Aste honetan Climate Central zentroak lau gradurainoko igoerak mundu osoan nolako eragina izanen lukeen azaleratu du mapa baten bitartez eta urak zer lur estaliko lituzkeen zehaztu du. Horren arabera, Euskal Herriko hainbat bazter ur azpian geldituko lirateke, eta horien artean, eskualdean, Bidasoa eta Urdazuri ibaien bazterretan sumatuko lukete eragin handiena.

Adibidez, tenperatura hiru gradu igoko balitz, Bidasoa ibaiaren ondotik pasatzen den trenbidean, bertzeak bertze, Antzuzelai inguruan urak nabarmen eginen luke goiti, eta Zalain Zokoko zenbait puntutan bide berdea urak hartuko luke. Bortzirietatik hurbil, Behobia, Hendaia, Irun eta Hondarribiko hainbat toki ere urak estaliko lituzke.

Urdazuri ibaiaren bazterretan ere eragin handia izanen litzateke eta Senpereraino sumatuko lukete. Tenperatura hiru gradu igota, Donibane Lohizuneko, Azkaingo eta Senpereko etxe, negozio eta bertzelako hainbat eraikin urpean geldituko lirateke.

Horrez gain, mundu osoko hainbat irudi ere ikusgai paratu dituzte Climate Centralen webgunean. Horien artean, eskualdetik hurbil, Angeluko (Lapurdi) irudi hau ageri da.

Climate Centralen zentroaren arabera, Angeluk hartuko lukeen irudia. Ezkerrean tenperatura bi gradu igota eta eskuinean lau gradu igota.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun