Urriaren 16tik azaroaren 30era eginen dira Baztan-Bidasoko XXIX. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak. Aurtengoa 29. edizioa izanen da. 29 urte ehiza eta gastronomia uztartzen, nahiz eta joan den urtean, ez zuten gauzatzerik izan. Urriaren 14an, ortzegun goizean egin dute jardunaldien aurkezpena Bertizen.
Aurtengo edizioan bederatzi jatetxek parte hartuko dute: Arantzako Aterpe (Arantza); Burlada jatetxea (Arantza); Pablo-Enea jatetxea (Arantza); Etxalarko Herriko Ostatua (Etxalar); Donamariako Benta (Donamaria); Ordoki Erretegia (Arizkun); Elbeteko Posada (Elbete); Olari jatetxea (Irurita) eta Urgain jatetxea (Oronoz-Mugairi).
Ehiza eskaintza zabala izanen dute: usoaz gain, basurde azpizuna oporto eta muxika saltsarekin, oreina plantxan sagar patatekin… udazkenean egonda, onddoak ez dira faltako eta akitzeko, bertako produktuekin eta esnekiekin egindako etxeko postreak dastagai.
Baztan-Bidasoko Ehiza Jardunaldiak Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak antolatzen ditu eta Nafarroako Gobernuko Turismo, Markataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak diruz laguntzen duen jarduera da. Pirineos Exdim, Bodega Inurrieta, Berako Errotazar Artisau Produktua eta Baztango Ehiza eta Arrantza Elkartea dira babesleak.
Menuak QR kode bakarrean
Aurtengo edizioan eskuorriak era digitalean soilik argitaratu dituzte. Covid-19a dela eta, osasun arauak jarraitzeko asmoz, eskuorriak ez dituzte paperean editatu. Webgunean zintzilikatuta daude, edonork deskargatzeko moduan eta horrez gain, QR kodeak egin dituzte eskualdeko turismo bulegoetan eskaneatu ahal izateko.
Horrez gain, Baztan-Bidasoko Turismo Elkarteko sare sozialetan ere argitaratuta ikusiko dituzue, bai eskuorria, baita QR kodea ere, Facebook, eta Instagramen. Eta nahi izanez gero, Newsletter-ean izena eman daiteke eta korreoan eskualdeko berriak eta agenda eguneratua jaso.
Aurten eutsi egin diote Ehizatu pintxoa ekimenari eta hainbat jatetxetan ehiza pintxoa dastatzeko aukera izanen da. Pintxoa eta Inurrieta ardoa: lau euro.
#comecaza argazki lehiaketa
Aurten ere martxan izanen da Ehiza Jardunaldietako VII. Argazki Lehiaketa.
Lehiaketa urriaren 16tik azaroaren 7ra arte izanen da eta azaroaren 10ean, www.baztan-bidasoa.com webgunean, Facebooken eta Instagramen jakinaraziko dute irabazlearen izena. Saria, bi pertsonendako otordua 2021ko Ehiza Jardunaldi Gastronomikoen baitan eta datorren edizioko kartelaren eta eskuorrien irudia izatea. Aurtengo kartel eta gainontzeko euskarrietan agertzen den irudia, duela bi urteko argazki irabazlea da, Maximo Martinez Gorritik ateratakoa (iazko jardunaldiak bertan behera gelditu zirenez, berriz egokitu zaio 2021eko edizioari irudia jartzea).