'Sarean euskaraz' ikastaroak eskainiko dituzte Areson, Elizondon eta Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 14a, 12:00

Ikastaroak urriaren 21ean Elizondon eta Areson, urriaren 28an eta azaroaren 4an Lesakan izanen dira. Parte hartzeko ezinbestekoa da http://sareaneuskaraz.eus/izena-eman helbidean izena ematea.

Aurreko urtean hasitako bideari jarraipena emanez euskarazko IKTen inguruko doako ikastaro-ziklo bat abian jarri du Sarean euskaraz-ek. Horietako hiru izanen dira eskualdean. 

Memeak egiteko ikastaroa  

Memeak egiteko ikastaroa eginen dute datorren ortzegunean, urriaren 21ean Elizondoko Arizkunenean. Bi orduko ikastaroa izanen da 17:00etatik 19:00etara. Bertan, memeak sortu eta zabaltzeko azalpenak, jarraibideak eta trikimailuak eskainiko dira.

Memeak umorezko mezu sinpleak izaten dira. Jatorrizko irudi, bideo edo testu baten remix satirikoak izaten dira, eta zabalkuntza handi eta azkarra izaten dute normalean. 

Argazkilaritza mugikorrean, Instagram baino gehiago

Mugikorreko kamerari probetxua nola atera erakutsiko dute datorren ortzegunean Aresoko udaletxeko erabilera anitzeko gelan egingo duten ikastaroan. Ikastaroa 17:30etatik 19:30etara izanen da. 

Youtuber izateko mila modu

YouTube plataforma ezagutarazteaz gain, bideoak euskaraz sortzen, editatzen, produzitzen eta post-produzitzen ikasiko dute Lesakan egingo duten ikastaroan. Sei orduko ikastaroa izanen da, bi egunetan banatuta. Urriaren 28an izango da lehen saioa, eta azaroaren 4an bigarrena. Bi ikastaroak 17:00etatik 20:00etara izanen dira. 

Ikastaroa youtuber izan nahi dutenei zuzenduta dago eta helburua YouTuben dauden genero eta kanalak ezagutaraztea da. YouTuben aritzeko trikimailuak, arrakastarako gakoak, modako gaiak eta editatzeko teknikak erakutsiko dituzte, eta  parte hartzaile bakoitzak bere kanal propioa sortuko du.

Ikastaroan bertzeak bertze Ane Atxutegi eta Ane Iturriarte youtuberrek parte hartuko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun