Mendialdeko elikadura sistemari lotuta hainbat hitzordu izanen dituzte ondoko egunetan eta asteetan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 13a, 11:30
Urteko azken Mendialdeko Azoka Ibiltaria azaroaren 7an eginen dute Lekunberrin.

Gaur, urriaren 13an, bukatuko da larunbatean Leitzan eginen den Emakumeen Topaketan parte hartzeko izena emateko epea. Horrez gain, beste hainbat hitzordu izanen dira.

Gaur, urriaren 13an, emakumeen topaketa eginen dute Eritzeko kultur eskolan. Baratzeko produktuen kontserben inguruko ezagutzak partekatzeko jardunaldia izanen da eta 16:30etik 18:30era bilduko dira.

Larunbatean, berriz, emakumeen topaketa antolatu dute Leitzan Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Habelarte Mendialdeko Baserritarren Elkarteak. «Aldaketa sozioekonomikoek gure paisaian eta bizitzan utzi duten aztarna» izanen dute hizpide. 10:00etan Basakabin saio praktikoa eginen dute Gotzone Sestorainekin, eguerdian bazkaria eta arratsaldean auzolana. Izena emateko azken eguna gaur da, eta interesatuek 674 08 69 26ra idatz dezakete.

Urriaren 20an eta 27an, bestalde, Ezagutu zure indarguneak eta jakinarazi zure balioa saioa eginen dute, Cederna Garalur Elkarteko proiektuen baitan. Lehen sektoreko ekoizleei, eraldatzaileei eta merkaturatzaileei zuzendutako jardunaldia izanen da eta Larraungo udaletxeko goiko solairuan egin dute hitzordua, 09:30etik 13:30era.

Urriaren 23an Lurraren emankortasuna handitu izenburupean, egun osoko ikastaroa eginen dute Arriben, Araitzen. Ikastaroa 10:00etan hasiko da.

Azaroaren 2an, uztailean sortu zuten Mendialdea Elikadura Mahaiak bilera eginen du, 18:00etan Lekunberrin, Plazaolan.

Azaroaren 7an Mendialdeko azken azoka ibiltaria eginen dute Lekunberrin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun