150 lagun inguru bildu ziren larunbatean Tafallako Kultur Etxean. Oholtza gainean, sei bertsolari, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen aginduetara: Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman. Eneko Lazkozek eskuratu zituen puntu gehien (357 puntu) eta Berriozarren azaroaren 6an jokatuko den finalaurrekorako sailkapena lortu zuen zuzenean. Haren atzetik gelditu ziren Saioa Alkaiza Guallar (356), Erika Lagoma Pombar (350,5), Alazne Untxalo Erregerena (320), Ekhiñe Zapiain Arlegi (316), eta Urko Gartzia Aleman (272).
Igandean, aldiz, Zangozan jokatu zen final-laurdenetako hirugarren saioa. Han aritu ziren Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Mikel Lasarte Cia eta Oier Lakuntza Irigoien. Zigor Gartzia Zian gai jartzaile zutela. Joanes Illarregi Marzol (349) izan zen puntu gehien eskuratu duena, eta ondorioz, saioa irabazi eta finalaurrekoetarako pasea ziurtatu du. Zehazki, azaroaren 14an Leitzan jokatuko den hirugarren eta azken finalaurrekoan ariko da Leitzako bertsolaria.
Haren atzetik gelditu ziren Xabat Illarregi Marzol (344,5), Sarai Robles Vitas (329,5), Xabier Silveira Etxeberria (328), Mikel Lasarte Cia (314) eta Oier Lakuntza Irigoien (300,5). Horiek larunbatean, final-laurdenen fasea amaitutakoan jakinen dute finalaurrekoetan izanen diren edo ez; oraingo 24 bertsolarietatik 18k lortuko dute sailkapena.