Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Joanes Illarregik irabazi du Zangozako final-laurdena

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 10a, 20:00
Joanes Illarregi, gaur Zangozan izandako saioan kantari.

Leitzako Joanes Illarregik ere finalaurrekoetarako sailkatzea lortu du, atzo Eneko Lazkozek eta aurreko asteburuan Eneko Fernandezek egin bezala. Zangozako Karmengo Auditorioan ia 200 lagun elkartu dira ekitaldia jarraitzeko. 

Karmengo Auditorioa bete dute ia 200 lagunek.

Zangozan jokatu da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren final-laurdena,. Han aritu dira Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Sarai Robles Vitas, Xabier Silveira Etxeberria, Mikel Lasarte Cia eta Oier Lakuntza Irigoien. Zigor Gartzia Zian aritu da gai-jartzaile, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Zangozako Udalaren laguntzarekin antolatutako saioan.

Joanes Illarregi Marzol (349) izan da puntu gehien eskuratu duena, eta ondorioz, saioa irabazi eta finalaurrekoetarako pasea ziurtatu du. Zehazki, azaroaren 14an Leitzan jokatuko den hirugarren eta azken finalaurrekoan ariko da Leitzako bertsolaria. Haren atzetik gelditu dira Xabat Illarregi Marzol (344,5), Sarai Robles Vitas (329,5), Xabier Silveira Etxeberria (328), Mikel Lasarte Cia (314) eta Oier Lakuntza Irigoien (300,5). Horiek final-laurdenen fasea amaitutakoan jakinen dute finalaurrekoetan izanen diren edo ez; oraingo 24 bertsolarietatik 18k lortuko dute sailkapena.

Hauxe da saioaren sailkapena:

  1. Joanes Illarregi Marzol. 349
  2. Xabat Illarregi Marzol. 344,5
  3. Sarai Robles Vitas. 329,5
  4. Xabier Silveira Etxeberria. 328
  5. Mikel Lasarte Cia. 314
  6. Oier Lakuntza Irigoien. 300,5

Heldu den larunbatean jokatuko da laugarren eta azken final-laurdena, Donezteben. Han izanen dira kantuan Julio Soto Ezkurdia, Josu Sanjurjo Altzuri, Iker Gorosterrazu Elizagoien, Ekain Alegre Gil, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien eta Sahats Aleman Sadaba, Maialen Belarra gai-jartzaile dela. Sarrerak eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Xabat Illarregi, gaur Zangozan izandako saioan kantari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun